AHT orain? Gelditu!

Erabiltzailearen aurpegia

Bizi dugun osasun krisiaren ondorio ekonomikoei buruz iritzi ugari entzuten ari gara, ez da erraza datorkiguna aurreikustea, baina instituzioak hasi dira erabakiak aurreratzen; horrela, GFAk aurreratu du udalei bideratzen dien diru kopurua %20 murriztuko duela. Eta, hartutako lehen erabakien artean, aditzera eman du 2020rako baserri-bideak konpontzeko aurreikusita zegoen 1,5 milioiko partida bertan behera gelditzen dela.

Azken hilabeteetan eguraldi zakarrak eragindako kalteak handiak izan dira baserri-bideetan, eta udalek ez daukate nahiko baliabide konponketa horiei aurre egiteko, baina, bueno, osasun egoera larri honetan ulertzekoa da denok esfortzu bat egin beharra.

Azken asteetan, inguruko basoetan isiltasuna nabaria da, basogintza lanak geldirik daude, baina bada gure inguruan isiltasun hori apurtzen duen zarata: AHTaren obrek; horiendako ez dago krisirik, lan horietan 100 metro egiten gastatzen dutenarekin Gipuzkoako baserri-bideak konpontzeko laguntzak bideratuko lirateke.

Jaurlaritzak aurtengo aurrekontuetara AHTaren obrei bideratu dizkien 100 milioiak zergatik ez ditugu erabiltzen osasun sistema sendotzeko, test gehiago egiteko edo maskarak erosteko? Baina batzuen lehentasunak beste batzuk dira: txin, txin, txin, txin, diruaren hotsa.

----------

Sebas Aranzabal Aranzabal

Erretiratua

Angiozar

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.