"Demagogia, Aintzane?"

Erabiltzailearen aurpegia Roberto Martinez 2013ko ots. 11a, 01:00

Zure pasa den asteko idatzian, argudio zientifikoak erabiltzen saiatu zinen...

... Carlos III.a Unibertsitateak egindako ikerketaren emaitzen kontra egiteko, eta horretarako Manuel Tohariaren artikulu bat aipatu zenuen. 

Zientifikoki honek ez dauka ez hanka ezta bururik ere. Carlos III.aren ikerketa zazpi ikerlarik sinatutako eta nazioarteko prentsan argitaratutako artikulu bat da. Eta bertan, jatorrizko hizkuntzan, hau irakurri daiteke: "Our results support the hypothesis of a statistically significant higher risk, among men and women alike, of dying from all cancers in towns situated near incinerators and hazardous waste treatment plants". Euskaraz eta laburbilduta: emaitzek adierazten dute errauskailu edo hondakin arriskutsuen tratamendu plantetatik gertu bizi diren pertsonek minbiziz hiltzeko, estatistikoki, arrisku handiagoa dutela.

Manuel Tohariarena, berriz, iritzi artikulu bat da. Amiclor elkartearen webgunean argitaratua (Kloroaren Kimikaren ekoizleek sortutako elkarte bat). Esan beharra dago Manuel Tohariaren iritzia kasu hauetan beti industria handiaren aldekoa izaten dela: energia nuklearraren alde, aldaketa klimatikoaren existentzia zalantzan jartzen, ozono geruzaren deuseztatzearen efektuak gutxiesten… begiratu besterik ez dago...

Demostratuta dago plastiko eta material mota batzuk erretzean minbizia sortzen duten substantziak sortzen direla. Noski, errauskailuek arrisku hauek gutxitzeko sistemak edukiko dituzte, baina gutxitzea ez da deuseztatzea. Minbizia oso gaixotasun iheskorra da, inoiz ez da ziur jakiten minbizi bat zergatik sortu den, baina beti hobe izango da ahalik eta arrisku iturri gutxien edukitzea, ezta? Eta gaur egun Gipuzkoan aukera ezin hobea daukagu hondakinen arazoari errauskailu barik erantzuna emateko.

Aintzane, hemen daukagun demagogia adibiderik garbiena Gipuzkoan hondakinen gaiarekin EAJ egiten ari dena da. Edozein gauza esateko kapaz zarete errauskailua eraikitzeko. Honela, birziklatze tasa hoberenak lortzen dituen batze sistemaren kontra egiten duzue deserosoa edo antiestetikoa den argudioekin (a ze argudio sakonak), gure bailaratik 60 kilometrora dagoen beste herritar batzuei errauskailua inposatzeko.

 Zer da demagogia, Aintzane? Eta zuk galdetzen didazu? Demagogia… zu zara.

--------------------

Roberto Martinez

(Fisikan lizentziaduna eta Bergara Zero Zabor Taldeko kidea)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak