"Arrasaten bizi den barkoxtarrak Josu Garitaonandiari erantzuna"

Erabiltzailearen aurpegia Renee Harbustan 2013ko mar. 22a, 01:00

Aurreko astean Xiberoari buruz idatzi zenituen hitzak irakurtzerakoan emozio anitz azaleratu zaizkit.

Nik ere ixigarriko pena hartzen dut, hemengo jendeak ez baitu Iparraldeko aberastasuna ezagutzen. Eta egia da Xiberoa ttipi dela, baina zein aberatsa! 

Horregatik, sarritan, Debagoienetik Xiberora bidaiak prestatzen ditut. Irteera hauetan, ez gara bakarrik Kakuetara edo Holtzarteko zubia ikustera joan. Baizik eta xiberotarrek gidatuta kultur ekintzez gozatu dugu. Adibidez: kantaldietan, maskaradetan, pastoraletan… Betiere, saiatzen naiz bertako eta hango jendearekin harreman berriak lotzen.

Bestalde, Josu, zuk diozun bezala, egia da hemengo jendearentzako Iparraldea Lapurdin amaitzen dela. Eta Honetan ETB1 telebistak zerbait egin beharko luke. Bere momentuan, gai honetaz ETB1ko nagusi batekin hitz egin nuen, baina alferrik izan zen. Jakin, Xiberoa, lurralde zoragarria dela (13.500 biztanle). Herri ttipi bakoitzeko herritarrek badute sormen ikaragarria. Bai kulturarako eta bai ekonomiaren sustapenerako lan handia egiten ari dira. Eta honekin batera, aipatu baita, jende jakin batzuen lana miresgarria dela. Hau da, Xiberoko gurasoek eta beraien lagunek osatutako lantaldeei esker, Ikastolak handitzen doaz. Baita ere, kultura aldetik, oso deigarria da, maskaradetan, pastoraletan eta Xiru festibalean eta abarretan euskara erabiliz, nola oraindik ere, jende multzo handia batzen den. Jarraian, ezagutarazi nahi dizuet Mendikota herritxoan dagoen Uztaro arte taldea. Hauen helburuetako bat da hegoaldeko eta iparraldeko artisten eta publikoaren arteko zubia egitea. Hau bezalako ekimen garrantzitsua sortzea posible izan da, Xiberoan jende konprometitu anitz dagoelako. Hemen informazio gehiago: http://www.kanaldude.tv/Algareki-mendikotako-kultur-etxea_v996.html.

Eta ezin dut aipatu gabe utzi azken urte hauetan enpresa txiki batzuk sortu direla Maule eta Atharratze inguruan.

Lehen esan bezala, ments dut, Debagoienean, hau guztia ez delako ezagutzen. Gainera, neure ametsa da aipatutako aberastasun guztia hemengo jendeari ezagutaraztea. Pixkanaka-pixkanaka ilusioz amets hau errealitate bihurtuko dudalakoan nago. Norbaitek irteera egiteko interesa izango balu, edo informazio gehiago jasotzeko edo iritzia emateko, lasai asko jar dadila nirekin harremanetan: rharbustan@mondragonlingua.com.

--------------------

Renée Harbustan Ordoquihandy

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak