Atzetik aurrera!

Erabiltzailearen aurpegia

Berrogei urte bete dira aurten Kurtzebarri Eskola ikasketak euskaraz eskaintzen hasi zenetik.

Data borobil honetan, atzetik aurrera egindako ibilbidea emozioz bizi izan dut, bide honetan izandako laguntzak eskertuz.

-Lehenik, zortea izan nuen bertan lehen irakasle izateko nigan jarri zuten konfiantzagatik.

-Bigarrenik, Aretxabaleta, orduko politikariek herriko eskolaren norabidea adosteko eta zuzentzeko izan zuten gaitasunaren testigu izan zen. A ze zortea!

-Bestalde, lehen urratsak egiterakoan, Almeneko esperientziadun irakasleen lankidetzaz gozatzeko zortea izan genuen.

-Zortea gurea, eskolaren eraldaketan gurasoen, irakasleen eta herritarren muturrerainoko inplikazioa ezagutu genuelako.

-Azkenik, zortea daukagu Aretxabaletan, Kurtzebarrin, 763 ikaslek ikasten dihardutelako.

Baina kopuruek ez dute dena esaten.

Bai herritarrok zein instituzioak lozorroan ote gauden susmoa dut. Erronka berriak handiak bezain desberdinak dira; eskola espazioak egokitzetik, herrira datozenen heziketa eta euskalduntzeraino, besteak beste.

Ezinbestean, guztion adostasuna beharrezko osagaia da orain, lehen eta beti, heziketa eredugarri bat martxan jartzeko eta gizarte bezala denok eskutik aurrera egiteko.

Horretarako, udalari, heziketa, herri baten oinarrian dagoen zutabea dela sinesten duen neurrian, herriko hezkuntza proiektua sustatzeko ardura hartzea eskatuko nioke.

Baina ardura hartze horrek hezkuntza komunitatea gertu-gertutik ezagutu beharra dakar, bertako lehentasunez jabetu eta udalbatzaren gai zerrendetan hezkuntzaz maiz jardun eta erabakiak hartu ditzaten.

----------

Resu Abasolo Gallastegi

Aretxabaleta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.