Kutxabank ez itxi!

Erabiltzailearen aurpegia

Andre agurgarri horri: Debagoieneko erretiratuen eta pentsiodunen hamar elkarte hauek zuzentzen gara zuregana: Eskoriatzako Olazar; Aretxabaletako Basotxo; Arrasateko Abaroa, Uribarri, Musakola eta Toki Argi; Oñatiko Pake Leku; Bergarako San Joxepe; Leintz Gatzagako Toki Eder; eta Antzuolako Landatxope. Elgetako Xalbadorpe elkartearekin 8.000 bazkide inguru gara.

Elgetako Kutxabank ixtear dagoela jakin dugunean, herritarrekin eta, batez ere, Xalbadorpe elkartearekin bat egiten dugu. Adinduen elkarteak garen heinean, uste dugu neurri honek eragin zuzena eta kaltegarria duela kolektibo honengan. Izan ere, multzo anitza osatzen dugun arren, asko eta asko gara teknologia digitaletan trebatuta ez gaudenok. Banketxe-zerbitzu zuzenik ez edukitzeak arazoak sortzen dizkigu eguneroko banku-operazioak egiterakoan, gure autonomia pertsonala mugatuz eta murriztuz; erabaki diskriminatzailea iruditzen zaigu.

Bere burua aurkezterakoan, honela diosku Kutxabankek: "Pertsonekin konpromiso tinkoa duen erakundea gara. Gure bezeroak dira Kutxabanken lehentasun nagusia, gure negozio-eredua hurbileko hartu-emanean". Banketxeak argitaratu dituen datuen arabera, berriz, 2019an, 352,2 milioi euro garbi irabazi zituen, aurreko ekitaldian baino %6 gehiago.

Ondorioz, ez dugu Elgetako zerbitzua ixteko arrazoirik ikusten; bai, ordea, herritarrei egiten zaien kaltea. Bereziki, adin nagusikoei, hauek izanik, hain zuzen ere, urte gehien euren konfiantza eta dirua banketxean mantendu dituztenak. Ezin dugu onartu hartu duzuen erabakia, eta bertan behera utz dezazuela eskatzen dizuegu.

Gure eskaera ontzat emango duzuelakoan agurtzen zaitugu.

----------

Pilar Etxaniz

Landatxopeko zuzendaritzako kidea

Antzuola

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.