"Kapitalismoa ez da alternatiba"

Erabiltzailearen aurpegia

Demagogoa? Sarri entzuten den berba dugu.

Askotan, aurkaria deskalifikatu eta iraintzeko erabili ohi da. Nire kasuan, guztiz kontrakoa da eta honako hau da ematen diodan adiera: demagogoa diskurtso iraultzailea duena da; ni demagogoa naiz eta demagogoa izateari uzten diodanean, Confebask-eko kidea izango naiz. 

Kapitalismoarentzako alternatibarik existitzen bada, eta izena gutxienekoa dela jakin arren, nik eko-sozialismoa deritzodana da. Gizakiarengan eta bereziki planetarenganako errespetuan oinarritzen delako, eta ez besterik gabe produzitu, edota erosi, erabili eta botatzean. 

Gizakiaren gunea ez litzateke bere lanpostua izan behar. Lanpostuak bizi ahal izateko baliabidea izan beharko luke, eta ez ozta-ozta bizi ahal izatekoa. Planetako aberastasun eta baliabideak ondo banaturik egongo balira, ziurrenik orain ez ginateke honetaz ariko.

Zelako gurutzea daramagun komunistok porrot egin duten esperientziekin. Stalin boterera iritsi zenetik, eta honen politikaren ondorioz, asko gara hau komunismoa ez dela esaten dugun pertsona eta erakundeak. Ozenago eta sarriago esan behar al dugu? Bestalde, Euskadin ez al dago miseriarik? Euskadiko txakurrek katea beharrean lukainka daramate ala? Akaso hau paradisua al da? 

Gauza asko dira kooperatibismoaren inguruan esan ditzakegunak, eta bereziki aipagarria iruditzen zait Arizmendiarrietak bere ametsa zertan bilakatu den ikusiko balu, berriro ere lur azpira sartzeko desiratzen egongo zela inolako zalantzarik gabe. Eta zer esanik ez, Eroskiko langileen egoeraren berri jakingo balu (adibide bat besterik ez da). Hau bai panazea!

Liberalek eta enpresariek "aberastasuna" dute beti hizpide. Hemen nire galdera: non dago aberastasun hori eta noren edo nortzuen esku dago? Katean lanean ari direnen esku? INEMen gaudenon esku? Hainbeste defendatzen duten kapitalismo hori ongizatearen sistemarekin bukatzen ari da eta milaka pertsona miseria gorrira eramaten ari dira. 

Gizadiaren eta planetaren hobe beharrez, kapitalismoak iraungitze data du.

--------------------

Piter Encinas 

(ESK-ko eta Gorripideako kidea)

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.