Azpeitia eta Bergarako organo ikasleen txanda

Bergarako herritarrak San Pedro parrokiako organoari laguntzeko egiten ari diren ekitaldiekin bat egin nahi izan dute Azpeitia eta Bergarako organo eskoletako ikasleek, eta helburu horrekin, datorren igandean kontzertua emango dute Santa Marina elizan arratsaldeko zazpietan.

Sei urte izango dira Bergarako Musika Eskola organoa jotzen ikasteko aukera ematen hasi zela. Eskaintzak hamabi lagunen interesa piztu zuen- Adin desberdinetako ikasleak, umeak ez zirenak, instrumentuarekin harremana izandakoak batzuk, besteak ez, organoa moduko musika tresna erraldoia ezagutzen eta gozatzen murgildu ziren. Guzti hau ez zen posible izango denbora honetan gidari, pedagogo eta organoaren ezagutarazle bikaina izan den Aitor Olea irakaslearen parte hartzerik gabe, zeinak ikasleen artean organoa eta bere musikarenganako grina piztea lortu baitu.

Aurtengo ikasturtean Josean Pascual donostiarrak hartu du da irakasletza, aurrekoaren moduan, musikari aparta eta organoarekiko zaletasuna ondo transmititzen dakiena. Egun zortzi ikasle ari dira Bergarako organo klaseetan.

Azpeitian ere, bertako Musika Eskolaren barruan, organo arloa lantzen da azken urteetan José Luis Frantsesena musikariaren eskutik, ikasle gazteak dihardute bertan fin-fin.

Euskal Herrian organoa hiriburuetako kontserbatorioetan edo goi mailan Musikenen lantzeko aukera dago, baina eskola mailan Azpeitia eta Bergarako Musika Eskolak izango dira eskaintza hau barneratzen duten eskola bakarrak. Bertako herritarrak eta ikasleak beraz aukera ona daukate gertu kalitatez organoa ikasten ibiltzeko.

Orain arte maila handiko musikariak izan dira Stoltz-Frères organoaren alde egindako kontzertuetan. Ikasleek, beraien aldetik, erakutsi nahi izan dute organoa eta bere ekimenarekiko elkartasuna, eta  herriari kontzertua eskaintzeko borondatea agertu nahi izan dute.

Stoltz-Frères organoaren lagunen elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Azpeitiko eskolatik datozen hiru ikasle gazteei, Mikel Arenas, Inazio Arakistain eta Ander Etxaberi, bere eskuzabaltasunarengatik eta kolaboratzeko erakutsi duten prestutasunarengatik. Eta gazteez dihardugula, kontutan izan baita ere Mikel Ansola Bergarako ikasle markinar gaztea. Ziur gazte hauek etorkizunean ere emango dutela zeresana. Aipatutako gazteez gain Bergarako ikasle diren Arantzazu Idigoras, Leo Juaristi eta Elena Laka ikasleek joko dute.

Ikasleek aukeratu duten errepertorioa XIX. mende bukaerakoa eta XX. mendearen hasierakoa izango da, erromantikoa eta ikutu modernoarekin. Bertaratutako entzuleek organo musikaz gozatzeko aukera izango dute domeka iluntze honetan.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.