Guallar organojole bergararraren kontzertua domekan

Orain arteko kontzertuen maila bikainari jarraituz, datorren igandean Pedro Guallar irakasleak eskainiko du domekako emanaldia.

Ikaragarri ona izan zen joan zen igandean Oscar Candendo organojole antzuolarrak Santa Marina elizan eskaini zuen kontzertua. Musika-saiora bertaratu ziren ehundik gorako entzuleek, aukera izan zuten gozatzeko Candendok modu fin, baina aldi berean, zorrotz eta sentikor interpretatu ziun musikari frantses erromantikoen lanez osatutako errepertorioaz. Entzule batek irteeran adierazi bezala, ez zen beharrezkoa musikaz ulertu beharra izatea, musika sentitu eta gozatu baino ez zen egin behar.

Aste honetan Pedro Guallar bergarrarak hartuko du lekukoa, eta domeka arratsaldean XIX. mende bukaerako eta XX. mendeko lanak eskainiko dizkigu Santa Marina elizan 19etan.

Guallar Bilboko Kontserbatorioko organo irakaslea da 1981tik. Organo kontzertugile oparoa da, bai bakarlari bai zenbait abesbatzei laguntzen. Bergarako San Pedroko Stoltz-Frères organoa ondo ezagutzen du gainera, CDa ere grabatu baitzuen bertan.

Stoltz-Frères Organoaren Lagunen Elkarteak eskerrak ematen dio kontzertugile honi ere, aurreko guztien antzera, modu eskuzabalean eskaintzen duelako kontzertua organoa biziberritzeari laguntza emateko.

Aldi berean, Elkarteak gogora ekartzen du organoaren aldeko diru-bilketak eta tutu-babesletzak aurrera darraiela. Babesletza abian jarri zenetik hainbat herritarrek erantzun ona ematen dihardute, ondarearen aldeko eskertzeko jarrera. Hala ere, oraindik kopuru handia da organoa konpontzeko behar dena, eta premiazkoa izango da herritar, erakunde eta eragile desberdinen laguntza eta babesa Bergarako ondare historikoa eta musikala den organo hau aurrera ateratzeko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.