Neubat talde gasteiztarrean hasi zuen bere ibilbid

Erabiltzailearen aurpegia
Neubat talde gasteiztarrean hasi zuen bere ibilbidea Libe Garcia de Cortazarrek. Sorkun eta Ekon-en partaide izan da eta Izaki Gardenak taldearekin bi disko argitaratu ditu. Hala ere, bere kantu propioak lantzeko denbora ere aurkitu du eta horretan ibili da isilpean azken urteotan. Abesti horietako batzuetan Joseba Poncek lagundu dio ideiei forma ematerako orduan eta konposizioak biribiltzerako orduan. Kanta horiek talde modura landu eta garatu zituen gero, eskarmentu handiko gasteiztar musikariez lagunduta: Atxus (Neubat, Sorkun, Vicepresidentes) baxuan, Txus Villalabeitia (Same Old, Eh!) gitarran eta Eneko De Arza (Naut, Trumbo) baterian. Lokalean lauren artean ondo prestatu ondoren erabaki zuten Karlos Osinagaren gidaritzapean Bonbereneako estudioan sartzea, hamaika kanta biltzen dituen "Ihesaldi handia" diska grabatzera. Talde berri baten lehen lana bada ere, disko landu eta heldu baten aurrean gaude. Rock malenkoniatsu eta iluna, oinarri erritmiko sendoez lagundutako teklatu eta ahotsak direlarik nagusi. Doinu sendo eta indartsu bezain hauskorrak, denborarekin zeure egiten dituzun horietakoak; barru-barrutik sortutakoak eta barrenak astintzen dituztenak. Musikaren laguntzaz lur idor, mamu eta distantziaren argi-ilunetan murgiltzera aukera aparta. Ihesaldi handi bat, urrunera eramango zaituena. Diska Maiatzaren 22an kaleratuko da Bonberenea Ekintzak-en eskutik eta Oñatiko Antixena Gaztetxean, Maiatzaren 23an zuzenean ikusteko aukera egongo da. Gaueko 10etan eta doan!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.