"Eskerrik asko, Kurtzebarri Eskola"

Erabiltzailearen aurpegia

Azkenaldian bezala, aurten ere Kurtzebarri Eskolan Literatura astea ospatu da...

... 22. aldiz, apirilaren 22tik 25era bitartean. Urtero bezala, gure seme-alabek hainbat ekintza izan dituzte: Juan Kruz Igerabideren bisita, ipuin kontaketak, irakurketa saioak… Andersen idazlearen ipuinak ardatz izanda ekintza ezberdinak egin dituzte. Literatura munduan erabat murgildurik umeek ederto pasa zuten egun horietan. 

Asteari amaiera emateko, eskolak gurasoei ekintzetan parte hartzeko aukera eskaini zigun eta Andersen idazleak idatzitako Enperadorearen jantziak ipuina antzeztu genuen. Gure hitzak emandako aukera eskertzeko dira, esperientzia ederra eta paregabea bizi izan genuen. Eskolako aretoan elkartu ginen hainbat egunetan Iurgi Etxeberria aktorearen gidaritzapean eta gauza asko ikasi genituen: elkarlana, imajinazioa landu, parte-hartzea… Antzerki mundua ezagutzen ez dugun gurasoak gara gehienok eta oso polita izan da ikasitakoa. Eguneroko ardurak alde batera utzi eta gure seme-alabentzako zerbait prestatu eta beraien aurrean agertzea berezia izan da; batez ere, gehienetan alderantziz izan ohi delako.

Ikastetxea aspalditik ezagutzen dugunok bagenekien gurasoen inplikazioa garrantzitsua izan dela beti Kurtzebarri Eskolarentzat, eta oraingoan ere horrela izan da. Komunitatearen parte sentitu gara eta eskolak egindako esfortzua eskertu beharrean gaude. Eskerrik asko, denoi! Zuzendaritza taldeari, irakasleei, eta bereziki Gurutze Urrutia irakaslea eskertu nahi dugu emandako laguntzagatik, gugan jarritako konfiantza eta erakutsitako segurtasuna ezinbestekoak izan baitira.

Bihotzez ikasi leloa geure egin dugu oraingoan: bihotzez ikasi eta maitasunez eskaini! Eskerrik asko guztiagatik eta jarraitu horrela!

--------------------

Olaia Etxenausia

(Antzerkian parte hartu dugun gurasoen izenean)

Aretxabaleta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.