Jai hauen balorazioa oso positiboa izan da.
Aparteko festa hauek burutu izana ez da Jai Batzordearen lanagatik bakarrik izan. Hau guztia aurrera eramateko hainbat laguntza izan ditugu.
Espoloiko eta inguruko merkatariei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu eskaini diguten laguntza eta animoengatik. Baita Espoloiko tabernariei ere, gure egitaraua burutzeko eskainitako laguntza eta erraztasunengatik. Bergarako Udalak ere dena aurrera eramateko eskatutako bitarteko guztiak eskaini dizkigu. Mila esker zuei ere.
Egun osoan zehar Espoloira hurbildu zinetenok ere ezin ahaztu, giro aparta egon baitzen lehen orduetatik hasi eta ordu txikiak arte.
Baita bazkarira animatu eta bertan giro bikaina jarri zenuten guztiei ere. Hiru aldiz topa zuen omenez! Eta, nola ez, egitarauko ekintzetan parte hartu duzuenoi.
Datorren urtera begira gogotsu gaude, izandako erantzuna benetan borobila izan baita. Gauzak horren ondo irteten direnean, egindako lan eta neke guztiak ahaztu egiten dira. Eta datorren urterako jadanik indarberrituta gaude!
Espoloiko Jai Batzordearen izenean, eskerrik asko, guztioi. Datorren urterako esperientzia gehiago eta orain artekoa besteko ilusioarekin egitarau potolo bat burutzen saiatuko gara.
Gora, Espoloiko jaiak!
------------------------------
Nerea Etxezarreta, Idoia Larrañaga eta Nerea Madariaga
(Espoloiko Jai Batzordearen izenean)
Bergara