"Kantu bila galduta"

Erabiltzailearen aurpegia Nuria Bernardo 2011ko abe. 2a, 01:00

Igande arratsaldean Donostian izan ginen, Antzoki Zaharrean, Euskal Kantu Txapelketaren Gipuzkoako azken saioan.

Ikuskizun ederra, zinez, gaztetxo mordoxka bat taula gainean bere onenak ematen.
Han mundu guztiak eman zuen maila, kantari, musikari, teknikari, aurkezle zein entzuleek. Salbu eta, gure uste apalean, araudiak eta epaimahaiak.

Araudiak kale egin zuen, hala iruditu zitzaigun behintzat, kantariren bati musikaz laguntzen helduren bat ikusi genuelako, beste batzuek beren tresna jo, edo beren adineko musikarien laguntza baino izan ez zuten bitartean.

Bestetik, pertsona berberek maila batean baino gehiagotan parte hartu zuten; hau da, hasieran bakarlari gisa eta gero bikotean, edo lehen bikote gisa eta ondoren talde modura.

Promiskuitate horrek ez zirudien parte onekoa, eta halaxe agertu zen gero sarien garaian.

Saritutakoen izenak azaldu zirenean, gu haluzinazio baten pean ginela pentsatu genuen, gu balkoian geundenez epaimahaikoek beren lekutik beste ikuspegi bat izan zutela, beste saio bat ikusi zutela alegia. Iritzi estetiko edo musikalak albo batera utzita ere, kantari gaztetxoen promozioa egin nahi duen txapelketa batean, zer zentzu dauka banatzeko dauden zazpi sarietatik hiru pertsona berei ematea?

Antolatzaileari, Kantuzaleen Elkarteari, araudia berrikusteko eskatu nahi diogu, horrenbeste gaztetxoren ilusioak ez du merezi halako azken gaiztorik.

-----------------------------

Nuria Bernardo
Gasteiz

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak