Ikuskizunak jarrai dezala! 'The show must go on'

Erabiltzailearen aurpegia

30 urte pasa dira ausardiaz egin genuenetik euskarazko lehen musikala; eta hasteko, ez edozein musikal: musikalen historian arrakasta handien izan duena: Les Miserables.

Londresko bertsioa Madrilen ikusi ostean, Musika Eskolan bueltan, Alfredo Gonzalez –eskolako orkestra zuzendaria– eta Valen Moñux –eskolak egiten zituen kontzertu eta espektakuluetan zuzendari eszeniko lanetan ibiltzen zena– horrelako musikal bat egiteko kapazak zirela konbentzituta zeuden. Eskolan bageneukan orkestra, abeslariak… eta garrantzitsuena: ausardia! Eta horrela, urtebete geroago, 1994ko urtarrilaren 6an, Bergarako udal pilotalekua beteta zegoela, euskarazko lehen musikala estreinatu genuen. Azken entseguko urduritasunak eta zalantzak ditut oraindik gogoan, baina estreinaldia ailegatu eta magia! Dena amestutako moduan irten zen, eta publikoak ezin zuen sinistu ikusten ari zena. Herriko artistak eta maila horretako espektakulua gure herrian! Harro eraman genuen Miserableak Donostiako Victoria Eugeniara, Iruñeko Gayarrera, Gasteizko Printzipalera, Eibarrera, Legazpira… Bergara se escribe con B de Broadway idatzi zuen Teresa Flañok El diario vasco-ko kritikan. Geroztik, antzerki musikalak egitea izan da Bergarako Musika Eskolaren nortasun-ikurra.

Urtarrilaren 13an, ostirala, gure azken musikala estreinatuko dugu: Toti Martinez de Lezearen eleberrian oinarritutako Bretxa 1813, Donostiako sutea. Oraingoan, ibilbide luze honetan behar berriei erantzuteko sortutako Bergarako Antzerki Musikala (BAM) elkartearen eskutik.

Polita eta harro sentiarazten gaituena da lehen musikal hartan umeak edo gazteak zirenek Bretxa musikalean jarraitzen dutela eginkizun ezberdinetan. Esaterako, Txemi Etxebarria, Miserableak musikalean, gaztetxoa zen, eta ostiralean gure zuzendari musikala izango da. Orkestra zuzenduko du, eta aita Andoni izango du paper protagonista lanetan taula gainean. Oihan Vegak hurrengo musikalean, Oliver!!!-en, hartu zuen parte lehenengoz, gaztetxoa zela, eta Bretxa-ren musika egilea, zuzendaria eta abar dugu. Oihanek ere gurasoak, Mito eta Marian, ditu laguntzaile atrezzo lanetan eta arreba Izargi kantuan eta antzezlanetan. Argiñe Agirrezabal, protagonista orduan eta protagonista orain, musikal guztietan ezinbestekoa. Gorka Unamuno mutikoa zen orduan eta haren aita Juliok bazuen orduan paper protagonista; oraingoan, berriz, elkarrekin izango dira eszenan. Gorkak, baina, izango du paper nagusiagoa eta, gainera, azken honen alaba, Izar, hirugarren belaunaldia, ere izango da taula gainean. Aitzol Mujika gaztetxoa zen lehen musikalean; egun, paper ezberdinak ditu Bretxa-n, eta taula gainean Itzal alaba txikiarekin egongo da; Enara alaba zaharrena orkestran pianoa jotzen arituko da. Karlos Etxanizek paper txiki bat zuen orduko Miserableak-en, Bretxan paper protagonista izango du eta haren seme Mikel ondoan izango du. Julen Alberdi gaztetxoa zen orduan eta oraingoan paper protagonista izango du. Rafa Moñux eta Nere Ibarra ezinbesteko bihurtu dira musikal guztietan eta oraingoan ere paper ezberdinak egingo dituzte. Fran Martinezek, oso gazte orduan, oraingoan paper protagonista izango du. Martin Larrañagak eta Unai Barrutiabengoak musikal ezberdinetan ume bezala hartu dute parte; gaur, gazte moduan, paper ezberdinetan izango dira. Iñigo eta Mikel Ibarzabalek, abesbatzako haur moduan lehenengoak eta dekoratu egile moduan bigarrenak, hartu zuten parte lehen Miserableak-en, eta gaur, Mikelek dekoratuak egiten jarraitzen du eta anaien alabek, Norak eta Nahiak, abesbatzan hartzen dute parte. Sara Manzano gazteak Olentzero& Co.-n izan zuen papertxo bat, eta oraingoan protagonista izango da. Eta bereziki harro sentiarazten gaitu Andoni Moñuxen partaidetzak. Miserableak-en Valen eta biok bikotea izan arren, Andoni ez zegoen gure bizitzan. Oliver musikalean, urte eta erdi zuela irten zen lehen aldiz taula gainera Andoni. Bretxa-n paper protagonista izango du.

Orkestran ere berdina gertatzen da. Josune Enak Musika Eskolako Orkestran jotzen zuen Miserableak egin genuenean; oraingo orkestran, alabarekin, Maitanerekin, joko du biolina, eta alaba gazteena, Alazne, taula gainean izango da abesten eta antzezten. Yoana Gallastegik, gazte-gazte, biolontxeloa jotzen zuen orduko orkestran; oraingoan ere hori egingo du, eta haren alaba June taula gainean izango da, haurren abesbatzaren partaide da eta. Aitor Aranburu bateria-joleak ondoan izango ditu tinbalak jotzen seme Jon eta ikasle Peio Arana.  1994an ume zirenak –Mikel Markiegi,  Txus Arriaran, Jabi Arrondo, Igor Larrañaga, Anaitz Loyola, Domentx Ucin, Eduardo eta Ana Txurruka anai-arrebak– gaur egun maisu bihurtuta, Bretxa-ko orkestrako partaide izango dira. Alberto Laskurain, orduan maisu, gaur ere bai. John Prietok biola jotzen du, eta, lehen Miserableak-en ez egon arren, Oliver musikalean haurren abesbatzarekin zegoen. Leire Ugarte Olentzero&Co. eta Peter Pan musikaletan haurren abesbatzako kide moduan antzezlanetan ibilitakoa da eta Bretxa-ko orkestran piano-jole lanetan arituko da. Atrezzoaren, dekoratuen eta detaile guztien ardura daukan talde teknikoa ere handitzen joan da eta gaur egun, Amaiak, Liernik, Arantzak, Mitok, Marianek eta Anderrek osatzen dute. Ander aipatu nahi dut, bereziki: haurren abesbatzako umea izan zen Olentzero&Co.-n eta gaur, talde tekniko honen partaide izateaz gain, zuzendari laguntzaile lanetan dihardu eta ezinbesteko bihurtu da produkzioa honetan.

Orduko Miserableak-en ez zirenak egon ere asko dira: batzuk, beste musikal batean hasitakoak; eta beste askorentzat lehen musikal erraldoia izango da Bretxa. Musika Eskolako ikasleak gehienak, instrumentu edo kantua ikasten dutenak, eta haurren abesbatzako 38 haur izango dira baita taula gainean. Etorkizuna hor dago. 30 urte barru, gaur haur edo gazte direnek proiektu berriak egiten jarraitzea da ametsa.

Lana, ilusioa eta gogoa dira nagusi momentu honetan. Gozatzeko eta gozarazteko prest gaude!

----------

Marije Ugalde

Bergarako Musika Eskolako zuzendaria

Bergara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.