Aitor Urrutiaren utzikeriak saria duenean, kudeaketa eredu berriaren beharra

Erabiltzailearen aurpegia

Eskoriatzako Zaharren Egoitzaren alde duela lau urtetik hona ospatzen den Garagardo Festa Solidarioa bukatu berri dela, jaso dugu berria.

Aitor Urrutia, Zaharren Egoitzako zuzendari ohia, gestio txarragatik kaleratua, PNVk Gasteizko legebiltzarkide izendatu du. 

Izendapen honen inguruko iritzia eman aurretik, eskoriatzarren auzolana zoriondu nahi dugu eta bertan parte hartu duen jendea txalotu, urtero bezala, auzolanean eta borondate osoz Egoitzari aportazio bikaina egin diotelako. Elkartasun keinuz beteriko asteburua izan da, herriaz harro sentitzekoa. Baina ezin dugu ahaztu Festa Solidarioa zuzendari ohiak Zaharren Egoitza egoera ekonomiko oso larrian utzi zuelako burutzen dela.

Horregatik, berri honek harritu eta mindu egin gaitu. Izendapen honen larritasunaz jabetzeko, zuzendari ohiaren utzikeria eta lan txarraren datu batzuk gogoratuko ditugu, guztiak izandako epaiketan baieztatu zirenak: 2006tik ez zuen benetako kontabilitatea eraman; 2009ko abendutik ez zituen Foru Aldundiarekin zituen betebeharrak gauzatu, hau da, egoiliar bakoitzaren fitxa bete eta diru laguntzen eskaera ez zuen bidali; honen ondorioz, Aldundiak laguntza horiek eten egin zituen; azkenik, 2010eko maiatzean 390.000 euroko zorra eta Egoitzaren diruzaintza ia agortuta utzi zuen. Okerrena da Urrutiak hau guztia ezkutatu egin zuela, Patronatuari emaitza positiboak aurkeztuz.

Gainera, Patronatuak kaleratu behar izan zuenean, Aitor Urrutiaren jarrera harroa eta manipulatzailea izan zen. Hasieran Egoitzaren egoera ekonomiko jasangaitza bere ardura zela onartu bazuen ere, gero biktimaren mozorroa jantziz, Ezker Abertzalearen mendeku politikoa zela asmatu zuen, bidegabeko kaleratzea argudiatuz eta Patronatuaren kontra epaitegietan salaketa jarriz. Bere gezurrekin, Udalaren erabakia Udalbatzarrarena izan zela eta, ANVz gain, Elizateak, PSE, EB eta EA ere kaleratzearen alde agertu zirela estali nahi izan zuen. Zorionez, Eibarko Gizarte Epaitegiak Patronatuari arrazoia eman zion. Kaleratzea justifikatua zegoen. Honek mendekuaren gezurra agerian utzi zuen.

Gure ustez, izendapen honekin, EAJ-PNV utzikeria eta kudeaketa txarra bultzatzen dabil, legebiltzarkide izatea arduragabekeriaren sinonimo bihurtuz. Non geratzen da egunero aldarrikatzen duen kudeaketa on eta profesionala? Argi dago horrela lagunarteko txoko baten funtzionamendua, diru publikoa edozein modutan erabiltzea eta instituzioetan nahi duten guztia egiteko inpunitate osoa bultzatzen dutela. Guk nahiago dugu urte hauetan zehar Eskoriatzako herrian praktikan jarri den eredua, zerbitzu publikoen defentsan, herria auzolanean batuz Zaharren Egoitza bizirik mantentzeko eta urtero zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Amaitzeko, zera da okerrena, herritar guztiei lurzoru etikoa delakoaren irakasgaiak eman eta etxeko lanak jarri nahi dizkiguten garaian, berriro ere herritarren diruarekin, legebiltzarkide honen soldata galanta ordainduko dugula.

----------

Maider Otamendi eta Lorea Diaz de Gereñu

(Eskoriatzako EH Bildu)

Eskoriatza

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.