"Dena ez da politika"

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Larrea 2013ko aza. 4a, 01:00

Orain dela bi aste Antzuolako Ezker Abertzalearen izenean Iturbek eta Jauregik sinatutako idatzia...

... irakurri ondoren, nire gogoeta 80ko hamarkadara itzuli zen. 

Niri ez zitzaidan askorik kostatu J.R.-ren identitatea asmatzea, baina irakurleen zailtasunak imajinatzen nituen J.R. delako horri aurpegia jartzeko orduan. 

Batzuek Dallas telesailaren pertsonaia gaiztoarekin lotuko zuten. 

Beste batzuek aipatutako J.R.-k trikornio bat daramala buru gainean pentsatuko zuten. 

Egongo dira, baita ere, GALekoak bueltan direla uste dutenak, eta antzuolarrok berriro ere kalera irten beharra izango dugula, ez dezan inor azaldu bere aurpegian GAL hizkiak idatzita dituela.

Baina ez, J.R. antzuolar semea besterik ez da. 

Emaztearekin taberna-jatetxe bat kudeatzen duena, bizi guztia lanbide horri eskaini diona, bezeroari arreta berezia eskainiz. 

Jarduera horretan zortzi pertsonak lan egiten dute, denak emakumeak, etxera diru apur bat eramateko aukera izan dezaten garai zail hauetan.

Ez naiz sartuko J.R.-k Patxiri egindako mehatxuak baloratzera, ezta irainka jardunaren jarrerak justifikatu ere, baina badakit hauek ez dutela zerikusirik Patxi Ezker Abertzaleko militantea izatearekin. 

Taberna ondoko bizilagunen eta tabernaren jabeen arteko arazo bat da egoera desatsegin hauen jatorria, eta bere kudeaketa txarragatik udal-administrazioaren arduradun eta sumindutako hiritar baten arteko liskarra izaten amaitu du. 

Denok ezagutzen dugu J.R. eta bere emaztearen taberna, eta badakigu nolako kidetasun eta sinpatia erakutsi duten betidanik Ezker Abertzalearen aldarrikapenekin. 

Hainbat urtetan zehar lan konpromisoa ere izan dute haiekin, kargu publikoak okupatuz.

Honegatik guztiagatik, zaila egiten zait sinestea Ezker Abertzaleko kide batzuek gutun hau argitaratu izana. 

Argi dago helburu bakarra Ezker Abertzaleko zale guztiei dei egitea zela, J.R.-k eta bere emazteak daramaten tabernari boikota egiteko.

Ez dut ukatuko nire ideiak ez doazela Ezker Abertzalearen ildotik, baina zerbait ikasten bada herri txikietan, adiskidetasuna desadostasun politikoen gainetik doala da. 

Horregatik ausartzen naiz esaten Ezker Abertzaleko zale askok ez dutela begi onekin irakurri aurreko astean argitaratutako gutuna.

Kezkagarriena, politikarekin zerikusirik ez duten gaiek alderdi batzuen lerroetan topatu dezaketela babesa.

Eskatzen dudan bakarra zera da, gobernu erantzukizunak dituztenak, kasu honetan udal ardurak, arduratu daitezela herritarren benetako arazoaz, iraganeko estrategietan erori beharrean.

--------------------

Mikel Larrea

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak