"Lyon-Corbas kolektiboa borrokan"

Erabiltzailearen aurpegia

Urriaren 15ean Lyon-Corbasko kartzelazainen probokazio berri baten aurrean aurkitu gara bertan preso gauzkaten sei euskal preso politikook.

Udaraz geroztik kartzelazainen aldetik jazarpen maila areagotu zela-eta (12 egun igaro genituen zigor-ziegetan kartzela barruan kolektiboaren sakabanaketarik ez zela egongo bermatzeko), zuzendaritzarekin gutxieneko bizi-baldintzak lotzeko ahaleginak eta bi egin arren, alferrikakoak izan dira egindako saiakera guztiak. Kartzelako zuzendaritzak, hona ekarri gintuztenetik gure izaera politikoa ukatzeaz gain, gure oinarrizko eskaerei entzungor egiten jarraitu nahiago izan du… azken probokazioa iritsi arte.

Hona ekarri gintuztenetik, orain sei hilabete luze, etengabeko probokazio eta barrabaskeriak kudeatu behar izan baditugu ere, larriena ikustaldi-eremua kudeatzen duen kartzelazain-taldearen aldetik jasan behar izan duguna izan da. Azken bi hilabeteotan, gure militantzia politiko eta armatuari egindako erreferentzia iraingarriak egin izan dizkiguten kartzelazain berek egindako informeen ondorioz, ogitarteko bat ekartzeagatik hilabeteko ikustaldi-baimena bertan behera utzi izan diete gure senide eta lagunei; bikote baten barne-ikustaldian besarkatuta egoteagatik (frantses kartzeletan ez dago ikustaldi intimoak izateko eskubiderik) ikustaldi-baimena emana zuen epailea ohartarazi eta baimena behin betiko bertan behera uztea lortu dute; senide eta lagunak aitzakia txikiena baliatuta utzi izan dituzte kartzelako atarian 800 kilometroko bidaiaren ostean; bikote baten semearekiko ikustaldi ia guzti-guztietan arazoak sortu dituzte…

Giro horretan kokatu behar dira urriaren 15eko gertaerak. Bezperan, goizetik Euskal Herritik abiatu eta Parisen barrena Lyonera iritsi zen haurrari bere gurasoekin batera egotea eragotzi zioten. Zuzendari, epaile, arduradunen oniritzia eta behar ziren baimen guztiak izan arren, ikustaldietako kartzelazain-taldeak eta bereziki larunbat horretan arduradun zegoen kartzelazain-buruak beraiek nahi bezala egingo zela ikustaldia erabaki zuten: haurrak ez zituen bi gurasoak batera ikusiko. Alferrikakoak izan ziren guztion ahalegin eta protestak, beraiek erabakitako inposatzea lortu zuten.

Ondorioak larriak izan ziren. Marixok Iparragirre bultza eta lurrera bota zuten, Jone Lozano ere bultzatu zuten, eta biei eskuburdinak  atzean estu lotuta ikustaldien eremutik emakumeen ataleko zigor-ziegetaraino "manu militari" eraman zituzten: airean, burua aurretik, ahospez, eskaileretan gora eta behera, ibilbide luzean. Biek dituzte zauri eta ubeldurak, kolpeak eta gorputz osoa minbera.

Kolektiboaren jarrera irmoak eta sendoak lortu du beren gezurrak agerian uztea, egindako gehiegikeriaz jabetzea eta Marixol eta Jone zigor-ziegetatik atera zitzaten behartzea, jarri nahi zieten zigorra bertan behera utziz.

Aipatu nahi dugu ere emakumeen ataleko gainontzeko presoen aldetik jaso dugun elkartasun eta babes beroa. Euskal presoon aurka egindako gehiegikeriaren aurrean, zigorra erabaki behar zen tribunaletik igarotzear  zeudela, emakume guztiek bazka errefusatu zuten eta ordu laurdeneko burrunba egin zuten Jone eta Marixolen askatasuna eskatuz.

Bizi izan dugun egoera bortitz hau behingoagatik gauzak argi uzteko baliatzea erabaki dugu. Ondoko egunetan kartzelako agintaria arazoaren tamainaz jabetu dela dirudi eta aurrerantzean Lyon-Corbasko euskal presoon eta gure senide eta lagunen arteko ikustaldiak modu eta egoera lasai eta egokian gertatuko direla hitz eman du.

-----------------------------

Mikel Albisu Iriarte, Marixol Iparragirre Guenetxea, Urko Labaka Larrea, Jone Lozano Miranda, Eider Uruburu Zabaleta eta Aletxu Zobaran Arriola
(Lyon-Corbasko euskal preso politikoen kolektiboa)
Lyon

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.