"Eliseo Garciari, esker onez"

Erabiltzailearen aurpegia

Orain egun gutxi Eliseo Garcia zendu zaigu.

Antzuolako parrokian izan zen haren aldeko hileta elizkizuna joan den ostegunean, ekainaren 27an. Bere familia agurtzeko aukera izan genuen bertan, eta semeak esandako esaldi bat gogora ekarri nahi dugu: "Gure aita zenaren hiztegian ezinezko hitza ez zen agertzen". Eta hala da, Eliseok ez zuen uste ezinezkoak badirenik. Gogo handiz bizi zen, bizitzak denoi, lehenago edo beranduago, azaltzen dizkigun trabei beti ere aurre eginez, inoiz amore eman gabe. 

Eliseo ezagutu dutenei bera definitzeko hitzak eskatu dizkiegu. "Apala", esan digu batek. "Bere lagunen benetako laguna", beste batek. Hirugarrengo batek, berriz: "Gogotsua".

Langilea, nekaezina, alaia... 

Eta hitz politak iruditu zaizkigu, edonork beretzat gogo onez hartuko lituzkeenak.

Horregatik jaso nahi izan ditugu hitz horiek idatzi honetan, Antzuolarako Euzko Alderdi Jeltzalearen udal hautagaitza osatzea erabaki genuenean –beste behin ere, Alderdirako beste hainbat eginkizunetan jo izan dugun bezala, beregana jo genuelako– baiezkoa emango zigun segurantzarekin. 

Zoritxarreko gaixotasunak eragotzi egin zion zinegotzi lanetan jardutea, baina, seguru gaude horretaz, bere gogoa geurekin izan dugula, Antzuolaren eta alderdiaren alde eginez.

Politika hain desitxuratua eta itsustua agertzen zaigun garai hauetan Eliseo Garciak ordezkatu izan duen balorea nabarmendu nahi dugu: konpromiso politikoa. Proiektu politiko batean sinesteak berekin daraman eskuzabaltasuna, prestutasuna eta isileko lana. Berak, eta bere moduan beste askok, gauzatu dute auzoz auzo, herriz herri Euzko Alderdi Jeltzalearen egitasmoa.

Eskerrik asko, bihotzez, Eliseo. Kateari eutsiko diogu, Euskadi askatu arte.

--------------------

Maria Eugenia Arrizabalaga eta Mikel Lete

(Antzuolako EAJ-PNVko zinegotziak)

Antzuola

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.