"Martinola taldeari esker onez"

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Biain Berraondo 2013ko urt. 23a, 01:00

Pasa berri ditugu Gabon jaiak eta Urtezahar nahiz Urteberriko ospakizunak.

Adintzen goazen heinean beste era batera bizi izaten ditugu jai eta ospakizun hauek. Txikitan dena ikusten dugu handi, misteriotsu eta liluraz nahiz gozamenez bizi izaten ditugu hainbat ospakizun. Esaterako, Olentzero nahiz Errege kabalgata. 

Herri bakoitzak bere ohiturak ditu eta esan beharra dago azken urteetan Oñatin Olentzerok nahiz Errege magoek gure txikiengan ikusmin handia sortu dutela. Oñatiren kasuan, badago protagonista bat azken 25 urteetan bi ekitaldi hauei bizia eman diena eta hori Martinola kultur taldea da. Samur esaten da 25 urte.

Martinola taldeak Udalari aurrez abisatu zion 2012ko antolakuntzaren kargu egingo zela, baina aurrerantzean eurek ez zutela jarraituko. Penaz hartzen dugu erabakia, eta, nola ez, errespetu osoz. Udal Gobernuaren partetik eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiogu Martinola taldeari ekitaldi hauen antolakuntzan eginiko lanagatik. 

Lan polita burutu duzue benetan. 

Hainbat txiki eta ez hain txikirengan ilusio eta ikusmina sortu duzue Gabon inguruko jaietan.

Ezagun da herriak eskertzen duela Martinolak egindako lana eta orain arte bezala bere txikienendako ekitaldi berezi hauek ospatzen jarraitu nahiko lukeela. Alde horretatik, biziki poztekoa izango litzateke herriko beste talde nahiz banakoek errelebua hartuko balute. Esan beharrik ez dago, helburu hori lortze bidean, Udala bitarteko guztiak jartzeko prest dagoela. Izan ere, gure txikienen irribarreak ez du preziorik.

Eskerrik asko, Martinola, eta laster arte.

--------------------

Mikel Biain

(Oñatiko Udal Gobernu Taldearen izenean)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak