Jauzi egin genuen Hondarribian!

Nabari zen handia izango zela, Euskal Herri osotik etorritako mintzalagunak autobusetatik jaitsi orduko. Arraun elkartekoek Bidasoan gora etorrita Hondarribian festa piztu orduko. Itxeki euskarari lepokoak jantzita, harro, Abiyuan txarangarekin kalejiran hasi ginen unetik.

Harro gaude bidelagun eta bidelariek jauzi egin genuelako kalera, mingainari lotsa barik eraginez. Mintzalagunek eta Blagankideek elkarrekin jarri genuelako dantzan Hondarribia. Kalejira, bazkari, dantza, kontzertu, kantu artean harremanak estutu eta berriak sortu genituelako. Euskaraz bizi nahi dugulako elkartu ginen.

Euskaraz hitz egiteko egin genuen jauzi. Euskaraz gainditu genituen lotsak eta lotsa barik eman genion mingainari. Eta euskaraz gozatu genuen. Eta datorren urtean ere elkartuko gara mintza taldeetan, herriz herri, auzoz auzo. Euskaraz ondo pasatzen segituko dugu eta elkarrekin emango dugu kalean, etxean, lanean euskaraz mintzatzen hasteko jauzia.

Euskaraldian horretarako aukera bikaina izango dugu, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Beste milaka belarriprest eta ahobizi-rekin egingo dugu jauzi, euskaltzale guztiok batuko gaituen erronka batean. 11 egunez, euskaraz arituko da Euskal Herria! Herri, auzo, familia, lantegi askotan euskaraz aritzen hasteko lehen pausoa izango da. Bidean aurrera jarraitzeko. Jauzi handi bat emango dugu elkarrekin, kalean ere euskaraz bizitzeko!

Besarkada bero bat Hondarribian saltsan ibili zineten mintzalagun, berbalagun, mintzakide, solaslagun eta solaskide guztiei. Mundialak zarete! Blagankideei, berriz, eskerrak, bidelagun finak izatearren.

Datorren urtean ere izango dugu zer ospatu. Bitartean, jarraitu dezagun jauzi egiten!

----------

Maitane Arizabaleta Astiazaran

Debagoieneko Mintzapraktika Batzordeko koordinatzaileen izenean

Debagoiena

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.