Herriaren alde

Erabiltzailearen aurpegia

Eguberri egunen aurretik, Aramaioko EAJren izenean eskuorri bat iritsi zen gure herriko etxe guztietara. Eta, gehiegi luzatu gabe, gure harridura erakutsi nahi dugu bertan esaten direnen aurrean.

Txundituta gaude, besteak beste, Aramaioko EAJk duen herrigintzaren ikuspegiaren aurrean. Eskuorri horretan esaten dituztenak etxez etxe banatzea bada Aramaioko EAJk herriaren alde lan egiteko duen modua, egia esan, ez da oso lagungarria. Ez zaigu iruditzen gure herriarentzako ekarpen baliagarri bat denik.

Azken legegintzaldi osoan, Aramaioko EAJk ateak zabalik izan ditu udal batzordeetan parte hartzeko eta ekarpenak egiteko. Batzorderen baten ardura hartzeko gonbidapena ere jaso dute, udal ordezkarien aldetik, eta erantzuna ezezkoa izan da. Gure ustez, hor dago gakoa: jokamoldeak berak erakusten du herrigintzan aritzeko moduan daukagun aldea.

Ez dugu eskuorrian esandakoa puntuz puntu erantzuteko lanik hartuko, ez gara joko horretan jausiko. Iruditzen zaigu udalak ahalegin handia egiten duela egunerokoan herritarrei informazio zuzena helarazi eta parte hartzeko bideak jartzeko, eta EAJren desinformazioaren aurrean erantzunik onena horixe dela uste dugu. Hala ere, ezin aipatu gabe utzi bi puntuk sorrarazi diguten harridura: Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza irekien erabilera partidistak, batetik, eta bere garaian EAJk esplizituki onartutako zaborraren tasaren igoeraren gaineko diskurtsoa aldatu eta erasorako erabiltzeak, bestetik. Horrelako gauzak esanda, ez da erraza sinesgarri izatea.

Ondo eta txarto egindakoak, denak hartu behar dira kontuan. Udal kudeaketa ez da beti erraza. Baina kudeaketa zailtzea asmo bakartzat dutenekin ez dugu zereginik. Lerroon bidez eskerrak eman nahi dizkiegu udalean, hautetsi modura, azken urteotan lanean aritu diren herritarrei. Herrigintza, lanean ari dena gutxiestea eta isekaz hartzea baino gehiago, herriaren alde lan egitea baita.

----------

Jone Arriolabengoa, Manex Agirre, Joseba Jauregi eta Edurne Uribarren-Iturrieta

Aramaioko EH Bilduren izenean

Aramaio