"Nahikoa da!"

Erabiltzailearen aurpegia Lourdes Idoiaga 2012ko ira. 30a, 02:00

Nahikoa mehatxu eta irain jasan behar izan dugu.

Urtetan egon gara isilik, ika-mika eta biolentzia gehiago ez sortzearren. 

Orain, "garai berriez" hitz egiten den arren, Bergarako Gaztetxean jarritako pankarta baten irudiak erakusten zaizkigu, nire argazkiaren alboan honakoa idatzita: ZU ZARA ERRAUSTUKO DUGUN 1. ZABORRA; hori ikusita, badirudi lehengotan jarraitzen dutela gauzek. Neure iritziz, horren sorrera ez dago Bergaran, Oñatin baizik. Seguru asko, aspaldi honetan kartelak jartzen, paskinak zabaltzen eta ezberdin pentsatzen dugunon aurka ari diren pertsona, plataforma edo sigletan dagoela esango nuke.

Baina ez da oraingo kasu hau garrantzi gehien duena, guztiaren azpian dagoena baizik. Eta barren-barrenean, gorrotoa eta ezberdin pentsatzen dugunon aurkako errespetu falta dago, urte luzetan zehar landutakoa anonimotasunaren inpunitateaz baliatuta.

Eta gehien kezkatzen nauena zera da, Gaztetxe batean kultura horixe nagusi bilakatzea, horixe izatea transmitituko zaiena edo onartuko zaiena 14, 15, 16 urteko gaztetxoei, aniztasunaren diskurtso sektario, alienagarri eta suntsitzailea eskainiz, ezberdinen arteko errespetuan edo eta eztabaida konstruktiboan oinarritutako kultura behar beste landu gabe. Horrek ere "garai berriak" eskatzen ditu.

Ziur aski, ni kondenatzeko delitua inposaketarik ez onartzea eta EAJko kide izatea da. Egia esanda, harro nago horregatik, eraikuntza nazionalaren alde lan egin duen eta egiten jarraitzen duen alderdi batekoa izateagatik, herri honetako eta Euskal Herri honetako pertsonen ongizate maila onenak lortzeko lanean diharduen alderdi batekoa izateagatik. Gainera, nire bizi guztian herri honen alde, euskararen alde, ikastolen alde... lanean jarduteagatik ere kondenatu egingo ninduten agian.

Salaketa hau gazte eta nagusiei hausnarketa eragiteko baliagarria izango dela espero dut, batik bat, ezberdin pentsatzen dutenenganako, inposaketarik onartzen ez dutenenganako eta euren ideiak intsultorik eta mehatxurik gabe defendatzen dituztenenganako gorrotoaren kultura errotik kentzeko. Nahikoa da!

--------------------

Lourdes Idoiaga Urkia

(EAJ-PNVko zinegotzia)

Oñati 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak