"Adierazpen askatasuna Oñatin"

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Mendiluze 2013ko ots. 2a, 01:00

Oraingoan kalean ikusitakoarekin asko haserretu naizenez...

... ez zait beste erremediorik bururatu nire ondoeza kanporatzeko, eta etxera etorri eta honako gutun hau GOIENA paperera idaztea erabaki dut. 

Hasteko, esango dut txikitatik borrokatu dudala Euskal Herriarengatik, adinez nagusia izan baino lehen manifestazioetara joaten, jaialdietan parte hartzen, eta abar, eta abar. 

Borrokatze horren arrazoietako batzuen artean, bakoitzaren "adierazpen askatasuna" deritzogun hori erreklamatzen nuen, herriaren esana kontuan izatea edo erabakiak herriarekin batera hartzea, baita gezurrak eta inposaketak desagertzea ere. 

Urte haietan, ez nuen ikusten gobernuburu ziren politikariek arrazoi horiek betetzen zituztenik; beraz, bozkatzeko aukera eman zidatenetik, konfiantza osoa nuen talde baten alde ibili naiz, nire konfiantza ematen. 

Hara nolako poza! Azken hauteskundeetan, amestutako taldea agintean jarri zen. 

Hasierako urratsak ez zitzaizkidan hain traketsak iruditu eta nahiko itxaropentsu nengoen gauzak oraingoan ondo egingo zituztelakoan. 

Baina denbora pasa ahala, konturatu naiz talde hau ere besteen berdina edo oso antzekoa dela. 

Azken esaldi hau argumentatzeko, ikusi edo entzun ditudan bi txorakerietan bakarrik ez naiz oinarritu, baizik eta uste dut dezente direla gertatutakoak, behintzat, nire herrian, Oñatin. 

Esan bezala, batzuk aipatzearren, zaborren kontuarekin nator. Ez ditut ondo ikusten zakar poltsa asko ipini dituzten ateetan egin dituzten margoketak, eta, are gutxiago, gaur goizean ikusi ditudanean Udaleko langileak semaforo eta argindarreko kableetatik zakar poltsak kentzen. Beraz, orduan, non dago herri honetan, orain agintean daudenak horrenbeste borrokatu eta hain altu defendatzen duten "adierazpen askatasuna" eta errespetua besteekiko eta beste era batera pentsatzearena? 

Hau da, plaza inguruan dauden Fan hemendik-eko  maletek badaramate gutxienez lau hilabete edo gehiago, baina badirudi ez dutela molestatzen, beste hainbat gauzaren artean. 

Beste gauza bat ere aipatuko nuke: legezkoa da agintean ez egoteak borrokatu beharra ekartzen duela, manifestazioz, margoketaz eta abarrekin, baina ez dudana ulertzen, inondik inora, orain agintean izanda nola jendea konbentzitzeko erabili behar diren pankartak, margoketak, eta abar, zeren hori ere kutsadura ez al da ba? Herria ikustea besterik ez dago. 

Beste gauza asko daude, baina denak ezin ditut aipatu, bestela orrialde batzuk beharko nituzke-eta.

Honekin guztiarekin hausnarketa bat egin dut: politika talde guztiak berdinak direla, desberdin bat egongo zen esperantza nuela, baina denborak pikutara bidali dizkidala nire ilusioak, eta, gaur egungo gazteriaren gehiengoak bezala, ez dudala politikan sinesten, ez estatu mahaian, ezta Euskal Herrian ere. 

Alde guztietan bezalaxe, inork ez du herriarengan pentsatzen; hau da, txiroa, erdalduna, ingelesa, PPkoa edo dena delakoa, guztiok gara herria eta gauzak ondo egitea da bidea, "denon artean lagunduz", ez norberarena begiratuz, eta gero, gainera, beste guztiena kritikatuz. 

--------------------

Kepa Mendiluze 

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak