Ezin mila zatitan banatu...

Erabiltzailearen aurpegia

Azkenaldian, lerro hauetan idatzi dudan bakoitzean, barru-barrutik ateratzen zaizkidan gaien inguruan egin izan ohi dut...

Zaila da hitzekin adieraztea sentitzen dena, sentiarazten dizuna, sentimendu asko barne-barnean sarturik eta ezin atera... edo bai… baina ez norberak nahi izaten duen bezala. 

Barnea, askotan, penaz beteta izaten dut, ezintasunez, amore emateko gogoz… 

Beste batzuetan, aldiz, pozik, baikortasunez, aurrera jarraitzeko ilusioz...

Dena nahaste handi bat balitz bezala, ikuzgailura sartu egunero barneko sentimendu horiek guztiak, eta bertatik ateratzen den nahasketa –argiketa edo garbiketa– batzuetan egunak argi ikusteko modukoak eta beste batzuetan ez hainbeste…

Baina, eguna ilunago edo argiago ikusi, kalera irten behar da eta egunerokoari aurre egin: Inar 17 hilabeteko semea umezaintzara eraman, etxeko gauzak antolatu      –arropa, jatorduak, garbiketak…–, etxez kanpoko lana egin, berriz bueltatu, bazkaldu, semea haurtzaindegitik atera, berarekin jolastu merienda jaten duen bitartean, etxera etorri, dutxatu, afaldu, jolastu eta ohera hurrengo egunera arte, atseden hartzera, ahal den neurrian, behintzat, semea gauak lo egiteko direla konturatzen den arte; hau guztia bikotekidearen laguntzarekin, nire kasuan; baina laguntza hori hor izan arren, batzuetan egunari ordu asko falta zaizkiola dirudi…

Semea asko maite dut, bizitza emango nuke beragatik, nire altxorra da, baina, askotan, badirudi bere beharrak ezin ase nabilela! 

Ezin iritsi bere eskakizun guztietara; zeren eta, oraindik hitz egiten ez badu ere, oso ondo ulertarazten du zer nahi eta zer ez duen nahi! 

Eta amatxo larri-larri, baina nahiak eta ez nahiak ulertzen saiatzen da.

Ezin mila zatitan banatu… baina ahalegin osoaren poza hortxe geratzen da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.