Titulu guztiak ez dira berdinak

Erabiltzailearen aurpegia

Gaur egun asko kostatzen da titulu bat lortzea.

Modu askotako tituluak lor daitezke bizitzan zehar, baina denoi etortzen zaizkigunak ikasketei loturikoak dira, eta, titulu hitza entzuteko orduan, urte askotan zehar ikasten egindako ahaleginarekin lortutakoak dira; badira beste modu batekoak ere: idazleek beraien eleberrien azalerako pentsatu behar dituztenak; edo kazetariek egunkarietan, albistegietan… esaten dituztenak. 

Titulu horietaz denok badakigu zerbait, egunerokotasunean agertzen dira eta denok erreparatzen ditugu; baina badago titulu bat, goian aipatutako guztien gainetik dagoena eta gutxitan erreparatzen dioguna, ohikoa ez delako; bizitzaren edertasuna erakusten duena eta sentimenduetan zirrara sortzen duena, eta, bide batez, alaitasuna dakarrena.

Titulu honen protagonistei, askotan, nahiz eta jakin horren jabe direla, disfrutatzeko aukera gutxi uzten die bizitzak, eta ez pentsa gutxi ikasi dutenik bizitzan zehar esku artean duten altxor preziatua lortzeko… Gaztetasunean lortzen ez den titulua da: gutxi gorabehera, 80-90 urte inguruko pertsonen esku dago… Baina nola izan liteke titulu bat adin horrekin lortzea? Prozesu luze baten ondorioa delako: jaio, ama izan, amona bihurtu, eta azkenik birramona izatea lortzera arteko prozesua, alegia.

Bai, birramonaz hitz egiten ari naiz; lortzeko zaila, baina lortu eta gero izugarrizko poztasuna ematen duena, bai titulu hori esku artean duen pertsonarengan eta baita bere alboan daudenengan.

Nik ondo ezagutzen dut titulu horren jabea den pertsona bat, gertukoa; bizitzan lan asko egindako emakume indartsua; beretzat poztasun dena guretzat poztasun bikoitza da, eta berea den titulua-ri izena ematea ahalbidetu duten bi pertsonatxo txikiak pozarren, bizitzan titulu guztiak ez baitira berdinak… Eskerrik asko, amama Asun.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.