Urte amaierarako posta bulego berria zabalduko dute

Erabiltzailearen aurpegia
Burdiñate kalean dagoen posta eta telegrafoen bulegoak, aldaketak izango ditu datozen hilabeteetan. Gaur egun bulegoa eta posta zerbitzua lokal berean daude. Baina "aire berri bat" emateko asmoz bi lokal ezberdinetan banatuko dute zerbitzua, Carlos Arnaiz Bergarako posta eta telegrafoen bulegoko arduradunak esan digunez. Arnaizek gehitu du lokal aldaketa horrek zerbitzuaren hobetzea ere ekarriko duela eta bai langile zein bezeroendako izango dela positiboa.

Horrela, Burdiñate kaleko lokala bezeroendako itxi egingo da eta soilik bertako langileek erabiliko dute. Guztira, herri gunean zortzi posta banatzaile daude une honetan Bergaran, eta beste bost dira auzoetan ibiltzen direnak. "Hauek Burdiñateko lokalean jarraituko dute lanean, eta egunean banatu beharreko posta bertan batuko dute", adierazi digu Andres Diez posta batzaileen arduradunak.

Lokal berria bezeroendako

Bezeroak, berriz, Ibargarai kaleko 17. zenbakiko etxebizitzako lokaletan kokatuko den bulego berrira joan beharko dute, posta botatzeko, jasotzeko, eta beste zereginetarako. Orain arte posta kutxatilak Burdiñateko lokalean izan duenak, lokal berria egiten dutenean bulego berrira joan beharko da. Hori baina, urte amaieran izango da, datorren urria edo azaro aldera; lanak aurreratuta doazen arren lokal berria egiten ari baitira oraindik.

Laugarren kokalekua

Bergarako posta zerbitzuaren bulegoak hainbat kokaleku  ezberdin izan ditu urteetan zehar. Lehenengo posta bulegoa herriko plazan egon zen –orain kutxa dagoen lekuan –. Ondoren Masterreka kalera eraman zuten – Pertxa elkartearen ondoan dagoen pasabidean – eta duela 18 urte inguru, Burdiñaten ipini zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.