Auzotarren ahaleginarekin aurrera jarraitzen duen abere feria Elosun

Erabiltzailearen aurpegia
Aurtengoa Elosun ospatuko den 30. abere azoka izango da. Baina azoka horrek jatorria 1979. urtean dauka, Manuel Oruesagastiren eskutik. Bega baserriko Manuel Oruesagastiri, animaliak asko gustatzen zitzaizkion, eta, inguruko herrietan abere azoka egiten zutela ikusita, Elosun egitea bururatu zitzaion; garai hartan auzo alkatea zen hura. Egunari dagokionez, "urriaren 12ko eguna izatea nik erabakitakoa izan zen, garai hori txahal eta beste animalien salmentarako egokiagoa delako", adierazi du Oruesagastik.

 

Guztiaren hasiera

1944an Elosu auzoko 29 baserritarrek eskola etxe bat egin zuten. Eskola etxe hura 1977an bihurtu zen gaur egungo Elurmendi elkartea– 125 bazkide dituen elkartea –. Elkartearen sorreraren ostean hasi zen Oruesagasti feria egiteko asmoari bueltak ematen, eta halaxe hasi zen.
"Inongo laguntzarik gabe hasi nintzen garai hartan. Elurmendi elkartea sortu berri zegoen. Bertara joan nintzen azoka egiteko beharrezkoak ziren laguntzak eskatzera, baina bertakoen erantzuna ezezkoa izan zen, elkartea zorretan geldi zitekeelako".
Baina Oruesagastik bere asmoari tinko eutsi zion eta orduko elkarteko batzordeetako  lehendakari Joxe Martin Ormaetxeak laguntza eman zion. Aurtengo edizioan bezala, 1979an Bergarako eta Azkoitiko udalen laguntzaz gain Elorrioko Pasquali– baserriko makineria saltzen duen denda– etxearen laguntza jaso zuen. Hori diru aldetik jasotako laguntza izan zen, baina arlo askotariko ezagunen laguntza ere jaso zuen. "Kazetaritza arlotik Txema Urtzelai arrasatearrarena; Juan Luis Bikuña bergararrarena; Mikel Atxagarena eta Jose Mari Iriondorena. Bertsolaritza mundutik, berriz, Gorrotxategi eta Lizasorena, besteak beste. Guztiak abere feriaren hasierako urte haietan hutsaren truke etorri ziren", gogoratzen du Oruesagastik. Hasierako asmoa azoka ezagutaraztea zela dio hark, eta horrela beste herri batzuetatik etortzen hasi zen jendea. "Gogoratzen dut aldi hartan egin genuen lehen azokara animaliekin etorri zen lehen baserritarra Debako Zelai Luzeko baserritarra izan zela; asto bat eta zaldi bat ekarri zituen".

Lehena eta oraina

Lehen azoka hartan 65 abelburu izan ziren guztira, Elosu auzoko baserrietakoak batzuk eta baita beste herri batzuetatik etorritakoak (Deba, Lastur, Azpeitia, Arrasate...). "Abelburu kopuruak gora egin du azken urteetan, eta aurten ere 180-200 abelbururen bueltan ibiliko gara", dio Oruesagastik.
Animalien salerosketa ere gutxitu egin dela dio hark: "Urtetik urtera, ez dakit krisiaren eraginez-edo, salerosketen kopurua jaitsi egin da. Salneurriak ere ezberdinak dira. Oruesagastik esan digunez, 17 asto eramango ditu domekako azokara. "Guztiaren prestaketa lanetan jai batzordeko lauzpabost kidez gain, auzotar ugari ibili dira domekarako dena prest lagatzeko", adierazi du Ainhoa Beristainek oraingo Elosuko auzo alkateak.

Abere azokako egitaraua

09:00etan: Azokaren hasiera. Abere postu ezberdinak egongo dira.

13:00etan: Sari banaketa. Azokara eramandako animalien arrazaren arabera banatuko dituzten sariak.

13:30ean: Bertsolariak: Beñat Lizaso eta Iker Zubeldia.

17:30ean: Idi probak eta ahari jokoa. Bentaoste eta Fernando Salegiren idiak; Lutxurdioren ahariek jardungo dute topeka.

Ondoren: Bertsolarien bigarren saioa.

Egun osoan Epelde eta Lutxurdiok alaituko dute Elosuko giroa.

Oharra: Antolakuntzak ez ditu bere gain hartuko egunean zehar gerta daitezkeen ezbeharrak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.