"Goazen alternatiba eraikitzera!"

Erabiltzailearen aurpegia

Borrokak alternatiba non dagoen kokatzeko balio izan digu...

...  Euskal Herrian erantzuten hasi ginenetik irtenbidea osoko aldaketan kokatu dugu. Beste eredu sozial eta ekonomiko bat dela irtenbidea euskal jendartean errotu dugu, eta eredu hori Euskal Herritik eta Euskal Herrirako eraiki behar dugula.

Maiatzaren 30eko greba ez zen eraso puntual bati erantzuteko greba soilik izan, erantzun bat emateko ere bada, baina alternatiba bultzatu eta eraikitzeko greba izan da. Esan bezala, alternatiba badagoela aldarrikatu dugu, eta alternatiba horrek zein parametrotan egon behar duen argi eta garbi azaldu eta zabaldu dugu. Orain, alternatiba hori aldarrikatzetik alternatiba eraikitzera jauzia egitera goaz.

Horretarako tresna Euskal Herrirako gutun soziala izango da. Eragile sozial eta sindikalen artean bide bat egin dugu. Benetako mugimendu soziala eratzeko asmoz.

Gutun soziala ez dugu ulertu behar zenbaitek idazten duten aldarrikapen sorta huts bat moduan, gutun soziala burutzeak berak indar metaketa prozesua ekarriko du berarekin batera. Euskal Herri osotik zehar eztabaidatu eta erabakiko dugu zein den Euskal Herriak behar duen eredu hori. Herriak egindako burujabetza ariketa izango da. Gutun soziala egitea eta osatzea lehenengo pausoa izango da eta denon borrokak bideratzen dituen tresna hori eskuetan izanda, herriak erabaki duena instituzioek errespetaraztea izango da hurrena.

Prozesu indartsu hau martxan dago eta indartu egingo dugu. Euskal Herriko eredua denon artean erabakitzeko eta azken greba honek desobedientzia eta konpromisoa erakusteko ez ezik, prozesu sozial honi bultzada erabakigarria emateko ere balio izan digu.

Animo, eta ekin alternatiba eraikitzeari!

--------------------

Jose Ramon Kortabarria eta Ana Sebal Agirregabiria

(Debagoieneko LAB)

Debagoiena

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.