"Gipuzkoa ito? Debagoieneko Sorturi erantzuna"

Erabiltzailearen aurpegia

Ibai Redondok, Debagoieneko Sortuko koordinatzaileak, Gipuzkoa itotzen dutenak izenburupean...

... idatzi zuen uztailaren 8an, bata bestearen atzetik Ezker Abertzaleak hitzetik hortzera darabilzkin lelo eta salaketa demagogiko guztien andana lerrokatuz. 

Beti bezala, EAJ mamu beltza eta Garitanoren Aldundia eredugarri. Beti bezala, Ezker Abertzalearen ustezko "eredua", errealitatean eredu hutsala, justifikatu duen "beste" ereduaren taxutze lanketa. Errelatua.

Ez ditugu garai onenak bizi. Hori edozeinek daki, baita Redondok eta Sortuk ere. Eta ez badakite, galdetu diezaiotela, urrutira joan gabe, bailarako hainbat kooperatibistari.

Murrizketak salatzen ditu Redondok, Espainiako edozein komunikabidetatik egunero proiektatzen diguten eskemari jarraiki: osasun zerbitzuetan, hezkuntzan, unibertsitatean, etxebizitza kontuetan... Espainiako edozein komunikabidetan jorratzen diren arrazoi bide berdinak erabiltzen ditu gure bailarako Sortuk. Mamira sartu aurretik, EAJtik gomendio bat egin nahi diogu Sorturi: independentzia lortzen ez dugun bitartean, gutxienez, geure errealitatera begiratzeko. Bertan nahiko lan badaukagu, baina, hala ere, jatortasunez jokatu dezala euskal –eta gipuzkoar– errealitatearekin, eta ez dadila Espainiako mezularien morroi huts bihurtuta ibili.

Hemen osasun publikoaren defentsa sutsuan gabiltza. Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren heren bat baino gehiago gastatzen dugu urtero Osakidetza mantenduz. Oraindik ez dira hamar egun publiko egin dela operatzeko itxaronaldiak 50 egunera jaitsi dituela. Ez al zuen irakurri Redondok albistea? Hori eta beste gainontzeko oinarrizko zerbitzuak babesten zituen aurrekontua aurkeztu zuen Urkulluk, 1.200 miloi gutxiagoko aurrekontua izanik. Sortuk alderdi espainolistekin bat egin zuen, proposamena atzera botatzeko. Unibertsitateaz ere mintzo zaigu Redondo. Ba ote daki Euskal Erkidegoan dugula errenta per capita handiena eta, hala ere, Unibertsitate Publikoan, estatu osoko preziorik txikiena, alde handiarengatik?

Etxe desjabetzeak ezbehar ikaragarria dira nozitzen dituztenentzat, hori horrela da. Baina desjabetzeak medio Sortu Kutxabanken kontra egiten ari den kanpaina, demasa. "EAJ nagusi den Kutxabank da kaleratzeen errege". Nola daiteke hori esan? Bere garaian Ezker Abertzaleak hordagoa jo zuen, lortu ahal zituen jarlekuak baino gehiago nahi zituelako Kutxabanken; nahi adina lortu ez zituenetik sartu da Kutxabanken aurkako gerran. Espainiako bankuak hobeak direla esan nahi al du orain Sortuk? Espainiak diru publikoz erreskatatu behar izan dituen horiek zintzoagoak direla erreskaterik behar izan ez duen Kutxabank baino? Akaso Sortutarren diruak Espainiako bankuetan ote daude? Jakin badaki Ezker Abertzaleak –2012ko datuak ezagutzen dituelako– ez dagoela bere neurriko bankurik Kutxabankek baino desjabetze gutxiago egin dituenik.

"Makro-proiektuarena". "Urtero ehunka miloi euro xahutzen" omen dira. Tira: Bilduk Gipuzkoan lan bakarra dauka esku artean: Deskargakoa. Eta tunelak erori zaizkio, otsailetik ezkutuan gorde nahi izan duen "arazo txikia", zalantzarik gabe "desfaseak" eragingo dizkiona. Bageunden ba Gipuzkoako ezpondak erortzeko joerari  utzi ote zioten Bildu agintean dagoelako! Ba... ez. Erortzen dira, eta dirua kostatzen da. Bidegik bere zorrari aurre egiteko moduko diru-sarrerak ditu, nahiz krisiak trafikoak jaitsarazi dituen. Beste kontu bat da "Peajerik ez!" aldarriarekin aurkeztu zen Ezker Abertzaleak peajeak nonahi jartzeko aitzakiaren bila ibiltzea. 

Bata bestearen atzetik Redondok aipatutakoei erantzuna eman diezaiekegu, baina gehiegi luzatuko ginateke. Azken argibide bat ematekotan: AHT ez du Lakuak ordaintzen (Sortuk ondotxo dakien bezala), Madrilgo Gobernuak baizik. Edo diru hori trena egiteko bideratzen da, edo... ez dago txanponik. Zertan dabiltza gezurretan, AHTren dirua gizarte laguntzetarako bideratu daitekeela esanez? 

Demagogia beti da erraza, eta egungo egoeran, errazagoa. Baina horretan ari garela, zein iritzi du Sortuk azken hamarkadetan estrategia politiko-militarrak eta honen ondorioek gure enpresa eta hainbat familiatan izan duten eragin ekonomikoari buruz? Eta ez gara ari kontu abstraktuez, denok buruan dugun ekintza ondo konkretu batez baizik.

Euzko Alderdi Jeltzalea alderdi humanista da, eta beti izan da. Eta geure akatsekin (Ezker Abertzaleak ez bezala, guk bai, akatsak egiten baititugu) Euskadi eta Gipuzkoa aurrera ekarri dugula. Besteak beste, euskal gizarte-babes eredua eraikiz. Orain Sortu hainbeste kezkatzen omen duen eredu hori bera, hain zuzen.

--------------------

Joxemiel Uribarren Azpiazu

(EAJ-PNVko arduraduna Debagoienean)

Debagoiena

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.