"Zergatik kezkatzen gara murrizketak guri datozkigunean bakarrik?"

Erabiltzailearen aurpegia

Garai latzak omen dira egungo hauek! Lelo horren pean denok dugu ahoan krisiaren gaia goizetik gauera.

Normala, ikusiz gero bakoitzaren ongizatea nola jaisten ari den krisiaren itzalean.

Nik ere, Nafarroan Bigarren Hezkuntzako funtzionarioa izanda, krisia jasan beharra dut: soldata jaitsiera, lanordu gehiago konpentsaziorik gabe... Aizue, inguruko guztiek bezala! Gaiaz ez dut hitz egin nahi, greba ataritan makina bat solasaldi sortuko baita: murrizketak hezkuntza publikoan, eta pribatuan zergatik ez (Nafarroan hala da)? Aberatsei zergatik ez zaie ezer murrizten? Non da aberatsaren muga dirutan? Zergatik kezkatzen gara murrizketak guri datozkigunean bakarrik?

Krisia ez da berria, aspalditik dago gurekin eta urteotan garbi ikusi dugu zein garrantzitsua den norberaren ongizatea ez murriztea. Bitartean, besteen ongizatea murriztuz gero, hitz-zuritan atsekabe duina erakutsiz ederki bizi gara.

Krisi ekonomiko deitzen zaio gizaki modernoaren krisiari. Hau da, nirea nire, eta zurea… bada… bueno… ez badago denontzako normalak dira murrizketak, banatu egin behar da… baina, nirea nire! Inoiz nirea murriztu nahi izanez gero, gogorarazi ondokoak zenbat daukan, ea hari kendu eta nireak nire izaten jarraitzen duen.

Gizaki modernoaren krisia norberekoitasuna eta zuritasuna dira; ingurune horretan normala da pribatuak publikoa jatea.
Hausnarketa sakona egin behar genuke, eta saiatu garbi, zurikeriarik gabe erabakitzen zein banderadunen ontzian egon nahi dugun. Oso erraza baita publikoaren alde zaudela esatea; oso ondo ikusita dago, baina zerbait larria denean pribatura noa, itxaron-zerrenda txikiagoa delako. Are txarrago, Nafarroan murrizketak dauden bitartean, Bigarren Hezkuntzako oposizioak gainditu eta erabaki behar duzun lehen gauza da ea Mufacen zure medikua lehen zeneukan publiko hori izaten jarraitzea nahi duzun edo Sanitas... itxaron-zerrendarik gabeko pribatu zoragarri bat dohainik (hau Barcinak ez digu kendu dagoen diru faltarekin, zergatik ote?). Hezkuntza publikoan lan egiten dugu, bere alde mobilizatzen gara, baina umeak eskola pribatuetara eramaten ditugu, mediku pribatuetara… Badirudi krisia garunean dugula gizakiok. Nola egongo da lana denontzako, nork berea bakarrik zaintzen badu?

Zeinen erraz ari zaizkigun egurra hartzen norberekoitasunaren banderadun kapitainek geure haritz eroritik!

------------------------------

Joxe Mari Gabilondo Millet
Bergara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.