Atxorrotxetik, bihotzez, mila esker egun handia egiteagatik!

III. Gazteluko Festa gure herrian auzolanak duen indarraren erakustaldia izan da, hainbat belaunalditako herritarrak batuz, laguntzen eta disfrutatzen. Jendetza, errespetua, grina, algara, festa, lana, irribarreak, boluntarioak, pazientzia … hamaika bat ekintza/ sentipen/gauza baikor egitasmo bati zentzua ematen: auzolanari. Beste behin, Atxorrotx leku magiko bihurtu genuen eta horrela jakinarazi ziguten festan parte hartzera etorri ziren artista guztiek.

Beraz, gure partetik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu guzti-guztiei: Iñaki Sagredori eta bere taldeari, parte hartzeagatik; Ibon Aranburuzabalari, bere prestutasun eta trebezia indartsuagatik; Oihanari eta Haizeari, gure zeruko zazpi izarrei distira emateagatik; Joseba Zubiari eta herriko komertzioei, euren eskuzabaltasunagatik eta baita egunero herria egiteagatik; Arkulari erromatarrei; Gatzagako lagunei; Aretxabaletako eta Urbaltzeko lagunei, beraien partaidetzagatik; artistei eta teknikariei ere gure eskerrik beroenak... Eta, noski, Eskoriatzatik esku hartu duen norbanako bakoitzari: txoferrei, gora eta behera joateko beti prest egoteagatik; txosnakoei, euren lan eta pazientziagatik; sukaldariei, euren jakintasunagatik; elkarteko bazkide guztiei; udaleko langileei; nola ez, festan lagundu duzuen denei.

Lan handia izan da, nork bere harribitxia ekarri du, denen artean altxorra osatuz; altxorraren parte izaten.

Herriko talde desberdinek ekimenari eskaini diozuen adeitasuna eta laguntza, guretzat, indar berria da elkarrekin herria egiten jarraitzeko: Eskozap, benetan beste mundu bat posible izango delako; Eingeinkeren gaztetasuna; Ixoturen freskotasuna; dantzari beterano sasoitsu eta alaitsuak; gure txistularien jakintza eta dotorezia...

Ezin ahaztu egindako akatsak, horietaz baliatuko baikara ikasten jarraitzeko eta gauzak hobeto egiteko; eskerrik asko zuen ulermen eta pazientziagatik.

Sortuz ‘ta sortuz gure aukera, lana eginaz goaz aurrera.

----------

Juan Luis Zubizarreta Alegria

Atxorrotx kultur elkartearen izenean

Eskoriatza

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.