"Enrike Letonari erantzuna"

Erabiltzailearen aurpegia

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dut nire helburua ez dela zehazki gaia "politizatzea"...

... konposta modu batera edo bestera egitea ezin da-eta lotu joera politiko jakin batekin, baizik eta auzo-konposta eta banakako konposta egin nahi dutenei jakinaraztea konpostatze prozesuan sartu dituzuen aldaketaz eta ondorio posibleez ohartaraztea. 

Hasteko, esan behar dizut ez datorrela gaira zuk ekartzen duzun zure baserriko satsaren adibidea; satsa eta konposta zeharo desberdinak dira eta jarri duzun adibideak ez dizu balio. 

Jarraitzeko, badirudi ez dituzula ondo bereizten konpostatzeko planta industrialak eta konpostagailu domestikoak. 

Zuk jarritako adibideetan: Baix Campen eta Jurramendikoan, animalia-jatorriko hondakinak planta industrialetan konpostatzen dituzte, eta ez kaleko lorategi bazter batean ezarritako konpostagailu txikietan. 

Horrelako planta handietan EBko 1069/2009 araudia jarraitzen dute, eta beharrezko baldintza higieniko sanitarioak betetzen dituzte, eta higienizazioa egiteko behar diren tenperatura altuak (65º) ere lortzen dituzte.

Gai honetaz aritzen diren liburu, aditu eta gida gehienek aholkatzen dute animalia-jatorriko hondakinak ez sartzea konpostagailu domestikoetan. 

Gainera, animalien hondakinekin nahastuta dagoen konpostak ez du balio lurraren ezaugarriak hobetzeko.

Antzuolan eredu hori jarraitu dute eta arratoiak ugaritu egin dira, eta bertako Udala pozoia banatzen hasi da. Beraz, ondo pentsatu auzo-konposta egiteko konpromisoa hartu duten herritarrei aholkuak ematen hasi baino lehen. Zuk hartuko duzu arratoien  erantzukizuna?

Europak zuen eredu hori txalotzen duenik ere gezurra da. Eta eredu hori jarraituz gero gure seme-alabek etorkizun hobea izango dutela zentzugabekeria hutsa da.

Eta bukatzeko, ez datoz bat: zuk aipatzen duzun "arazoei irtenbidea denon artean bilatze hori" eta elkarrizketarako inolako borondaterik ez daukan Josu Peredari erakusten diozun babesa. 

Uste dut gaia berraztertu beharko zenuketela. Konposta egitea oso ideia ona da, baina frogatuta dagoen metodo batekin, horrela Arrasateko familia gehiago animatuko lirateke.

--------------------

Juan Karlos Garitano

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.