Aintzane Oiarbideri

Erabiltzailearen aurpegia

Zure oroimenek gogora ekarri dizkidate nireak.

Puri-purian izan genuen gure osasunean eta ingurumenean eragin zuzena duen hondakinen gaia. Legegintzaldia hasi bezain pronto, Mankomunitatean ordurako hasita zegoen hausnarketarekin jarraitu genuen. Gure aurrekoek Antzuolan eta Aretxabaletan hondakin bilketa moduak aztertzeko bideratu ziren proben emaitzak jakin genituen: Antzuolan atez ateko bilketa sistemarekin lortzen ziren birziklatze tasek eta Aretxabaletan bosgarren edukiontziarekin lortzen zirenek ez zuten zalantzarako tarterik uzten, Antzuolakoa zen eraginkorrena; berau ezartzeko urratsak egiten hasi ginen. Erabaki guztiz teknikoa zen honek talka egin zuen GHK-k hartutako erabakiarekin: Zubietan errausketa planta erraldoia egitea; izan ere, munstroak zaborra jaten du eta hondakinak ondo bereizi eta biltzeak galarazi egiten du janari hori sortzea.

Interes politiko eta ekonomiko itzelekin egin zuen talka gure proiektuak, eta inoiz bideratu den jazarpen mediatiko, sozial eta populistena jarri zenuten martxan.

Artikuluan egiak eta gezurrak nahasten dituzu. Egia da Epeleko konpostaje planta egiten zen bitartean kanpoko plantetara bideratzen zela hondakin organikoa; egia da, baita ere, hondakin guztiz inerteak ondo sailkatu eta biltzea zela asmoa, baina proposamen horiek ez zioten inolako kalterik egiten ingurumenari.

Egia da Epeleko diru funtsa erabili zela, eta egia da –eta ez duzu esaten– diru hori itzuli egin zela. Gezurra da informazioa ukatu zitzaizuela.

Zaldibarren erori den garbiena zaborra dela diote... Azpian desagertutako langileak eta inguruan pozoiak utzi ditu. Gertatutakoa diru gosearen eta Jaurlaritzaren kontrol eskasaren ondorio izan da.

Azken galderari erantzunez, Bilduk ezin du soluzio magikorik eskaini, soluzioetan magia soberan dago, konponbideak teknikariek proposatu behar dituzte, ingurumena eta herritarron osasunaren zaintza kontuan hartuz, eta ardura hori, Zaldibarko hondamendiak argi utzi duenez, esku publikoetan utzi behar dugu.

----------

Jaione Isazelaia

Bergara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.