Jaione Isazelaia: "Bildu gaitezen!"

Erabiltzailearen aurpegia

Honela despatxatzen zen Ruiz de la Prada, gerra osteko Bergarako lehenengo alkatea, herriko bi emakumeri buruz:

Jarraian transkribatzen den testua [BUA (Bergarako Udal Agiritegia) 5-E-6, 1937-1938 Informes políticos. ANEXO B] eskuz idatzita dago eta alkateak berak sinatzen du.

Xxxxxxx Xxxxxxxx Xxxxxxx.
1. Muy separatista y activa propagandista.
2. El marido, Xxxxx Xxxxxxx, era concejal nacionalista vasco.
3. Era presidenta de las Emakumes del Batzoki de Vergara, trabajaba constantemente y con el mayor interés en favor del separatismo vasco, habiendo intervenido activamente en las elecciones en favor del Frente Popular.
4. Posición económica buena, su marido y su padre son panaderos.
5. Es mujer peligrosísima y tanto daño ha hecho en Vergara por su actuación política separatista que (?) ser fusilada si cae en poder de las Gloriosas tropas Españolas.
Yyyyy Yyyyyyyy, lo mismo que la anterior.

Salaketa, epaia eta sententzia proposamena paper mutur baten. Gerra ostean gertatu zen, etsaiaren likidazioa zen helburu nagusia eta Bergaran egokitu zen alkate faxistak eskrupulu gutxi erakutsi zuen. Handik gutxira alkatea bera erbesteratua izango zen argitzeke geratu ziren arrazoi ilunengatik.

Ruiz de la Pradaren oinordekoek ez dituzte inoiz kondenatu ez gerran, ezta gerraostean, egindako gehiegikeriak. Ruiz de la Pradaren oinordekoak legearen babes osoarekin aurkeztuko dira datozen udal hauteskundeetara, haientzat ez da behin ere izan ez depuraziorik ezta koarentenarik.

Aldiz, Bildu koalizioa osatzen dugunok, ibilbide demokratiko gardena duten partiduetako militanteak batzuk, nahiz ibilbide mota anitzak ditugun hautagai independenteok, goizetik gauera geure burua ilegaltzat ez ezik, ETA erakundearen testaferro garen akusaziopean debekatuta dugu, oraingoz, hauteskunde hauetan parte hartzea. Fiskaltzaren inpugnazioaren sostenguak, izan duen ondorio dramatikoagatik ez balitz, barrez lehertzeko modukoak dira: D3Mko (Demokrazia 3 Milioi, neu ere ez nintzen gogoratzen zer zen) sinatzaile izatea, Durangoko kontzertu batzuetara joatea (legezkoak, portzierto) eta Belgikako manifestazio baten parte hartzea (legezkoa hau ere).

Bilduko koalizioa osatzen dugunon erru bakarra, errutzat kontsideratu ahal bada hori, aberriarenganako dugun maitasuna da. Inork behartu ez bagaitu ere, ez dugu aukeratu aberria salbatzea; egoerak horrela eskatuta, besteak beste, lokatz honetatik guztion burua ateratzeko ekarpentxoa egitea erabaki dugu. Zoritxarrez interes handiagoek oztopo eta traba ugari jartzen diote asmo honi.

Idatzi hau idazten ari naizela ez dakit zer erabakiko duen tribunal konstituzionalak, baina badakit zeinen oinordeko naizen eta zeinen oinordeko ez naizen eta badakit ere zer erakutsiko diedan neure oinordekoei. Bizitza motza bada ere oroimena luzea da, oso luzea.

Espainiar politikari eta epaileen indar zapaltzaileei aurre egiteko bildu eta bildu gaitezen denok. Bildu gaitezen, eta sortu dezagun bakean Euskal Herri berria!

-------------------------------------------------

Jaione Isazelaia Igartua
(Bergarako Bilduko hautagaia)
Bergara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.