2019ko Arrasateko Martxoak 8 Plataforma

Erabiltzailearen aurpegia

Zuri idazten dizugu urtarrilaren 15ean plataformara gerturatzea ezinezko suertatu zitzaizulako, baina bertako berriak jasotzeko gogotsu zaudela badakigulako!

Argazkietan ikusi izan zenuen bezala, parte hartzea oso handia izan zen, emakume pila gerturatu zen bai goizeko baita arratsaldeko deialdira ere.

Denak gogotsu aurtengo Martxoaren 8a denon artean diseinatzeko.

Erantzun anitza izan da, bai adinetan, bai ingurune ezberdinak ordezkatzen ditugulako.

Greba feministak denetariko emakumeak batu eta espazio ezberdinak astintzen lagunduko digu.

2018ko olatuaren ondoren, 2019an gure aldarrikapenak zabaldu nahi ditugu. Bizitzak erdigunean jarri, inor prekarietatean bizi gabe, indarkeria matxista eta heteroaraua amaitu, arrazakeria eta gerra kolonialik gabe eta gure aniztasunak onartu nahi ditugu. Gure gorputzak, lurraldea eta lurra defendatzeko ordua dela uste dugu.

Bi astetik behin elkartzea adostu dugu, astearteetan; aukera baduzu, apuntatu agendan urtarrilaren 29ko, otsailaren 12ko eta 26ko deialdiak, Kulturaten; 10:30eko edo 18:30eko deialdira gerturatu zaitezke. Plataformara gerturatzeko aukera irekita dago!

Lantaldetan antolatu gara; oraingoz, sei lantalde: Martxoaren 8ko egitaraua, aurrelanketaren diseinua, zaintza arloa, ikasleen greba, enplegu greba eta komunikazioa.

Lantalde berriak sortu daitezke –pentsionistak, diru kontuak, adibidez–; bakoitzak nahi duen lantaldean parte har dezake.

Plataformako guztien artean diseinatu eta erabakiko dugu zer egin, eta gero, bakoitzak esango du zertan lagundu dezakeen.

Plataformara gerturatzea ezinezkoa bazaizu, baina aurreko deialdiaren akta jaso nahi baduzu edota lantalderen baten sartu, bidali posta elektroniko bat m8arrasate@ gmail.com-era.

Emakumeok baturik eta elkarlanean geldiezinak garelako, Martxoaren 8a borroka egun ahaztezin bihurtuko dugu. Zatoz gurekin!

----------

Jasone Giraldo Menendez

Arrasateko Martxoak 8 Plataforma

Arrasate