2019ko Arrasateko Martxoak 8 plataforma

Erabiltzailearen aurpegia

Kaixo, lagun! Zuri zuzentzen gara, bai, zuri, pasa den urteko martxoaren 8an gu beste hunkitu eta emozionatu zinen horri, zuk ere bazenekielako arrakasta horretarako zure aletxoa jarri zenuela; agian, ez zenuela asanbladetara etortzeko aukerarik izan, baina bai zure ingurua xaxatzen, astintzen, eztabaida sortzen…

Bai, eta zuri ere zuzentzen gara; badakigu zuk, aldiz, zure elkartean, alderdian, sindikatuan isileko lanean, zure mugimendua, taldea, kolektiboa feministagoa izan dadin lan itzela egiten duzula, askotan oso esker txarrekoa, baina martxoaren 8aren baitan eztabaida gai pila jarri zenituela lehen lerroan.

Zuri ere zuzentzen gara, manifa etxeko balkoitik ikusi zenuen horri, zure zaintza lanetan greba egitea ezinezko zaizun horri, zu ere emozionatu zinen.

Gaztetxoei; aurreko M8-an mugimendu feministara batzeko grina piztu zaizun horri, bizitza osoa feminista izan den pentsionistari, antolatuta egon edo ez, edo orain arte feminismoa arrotz bizi izan duenari eta orain atentzioa piztu dion horri.

Zuei guztioi zuzentzen gara Arrasateko Martxoak 8 plataforma sortzeko; urtarrilaren 15ean hasi eta martxoaren 8 bitarte arituko gara. Gure asmoa, bakoitzak bere gogo eta aukeretatik parte hartuz ahaztezina izango den borroka egun zoragarri bat antolatzea. Askotan, alboan aliatu bat dugula jakitea babes eta hauspo handia delako, eta ahizpatasunak pilak kargatzen dituelako. Emakume guztion artean, Arrasaten, martxoaren 8a aitzakia, zein helburu ezarri nahi ditugun eta zertan eragin nahi dugun erabaki dezakegu.

Urtarrilaren 15ean batuko gara. Bi aukera izango dituzu, 11:00etan edo 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Deialdi egunean, orduan gerturatzeko aukerarik ez baduzu baina hurrengo deialdien berri jaso nahi baduzu edo beste ordutegi batzuk proposatu nahi badituzu, mesedez, idatzi helbide honetara: martxoak8arrasaten@gmail.com.

Historia liburuetan martxoaren 8 hauen berri idatziko dute eta gure bilobei kontatuko diegu aurrera eramateko lanean aritu ginela. Emakumeok baturik eta elkarlanean geldiezinak garelako, martxoaren 8a borroka egun ahaztezina bihurtuko dugu. Zatoz gurekin!

----------

Jasone Giraldo Menendez

Arrasateko EMM-ko plataforma eta Pottogorriak

Arrasate