"Elektrizitate enpresen gehiegikeriak"

Erabiltzailearen aurpegia

Ohituta gaude elektrizitatearen igoerak jasaten.

Abuztuan egiten dute, jendea oporretan distraituta dagoela aprobetxatuz. Lapurrek gauak erabiltzen dituzten bezala, Gobernuak abuztua erabiltzen du gu txiroago lagatzeko. Azkena, batez besteko 3,2ko igoera eta potentzia-terminoaren igoera desproportzionatua; argindar gutxiago kontsumitzen dutenak gehiago zigortuz. Gero, kanpaina ugari egingo dituzte, energia kontsumoa murriztu behar dela-eta, baina ez dute praktikan jartzen esandakoa. 

Gure lehendakaria ere oso kezkatuta azaldu da Espainiako Gobernuak beste igoera bat egiteko duen asmoaz, energia kontsumitzaile handiak kaltetuz, batez ere industria siderurgikoak, lantegi askoren konpetitibitatea galduz eta milaka lanpostu kolokan ipiniz. Nola liteke estatuan dauden bost elektrizitate-enpresa handiek gizartearen etorkizuna baldintzatzea? Irabazi handiak dituzte, elektrizitatea Europako garestienetakoa da, kasualitatea izango da Estatuko presidente ohi batzuek goi postuak edukitzea elektrizitate-enpresa hauetan?

Elektrizitatea, ura bezala, lehengai beharrezkoa da gizartearentzat, ezin da laga elektrizitate-enpresa handien kapritxoetara. Eredu elektriko hau aldatu behar dugu; gure esku dago etxeko argindarra elektrizitate-enpresa handiei eskatu edo kooperatiba energetiko bati; adibidez, Som Energia, Goiener... kooperatiba hauek energia berriztagarriak sortzen dituzten produktoreekin lan egiten dute eta irabaziak energia berde gehiago sortzeko erabiltzen dituzte; energia berdeak gero eta oztopo burokratiko eta fiskal gehiago ditu, peaje de respaldo ipintzeko asmotan dabiltza, autokontsumorako elektrizitatea sortzen dutenak kaltetuz. Eman dezagun argindarraren ordez letxugaz ari garela. Ortua ipintzen badugu landatzen ditugun letxugak jateko, supermerkatuan letxuga gutxiago erosten dugu. Gobernua kezkatuta dago supermerkatua gelditzen den egoerarekin, letxugak eramaten dituen kamioiaren kostua bera da letxuga gutxiago eramanaz; beraz, supermerkatuei laguntzeko, zerga berri bat asmatzen du, eta ortu partikularretan letxugak landatzen dituztenak kaltetu.

Informazio gehiagorako, Youtuben ikusi Oligopoly2 dokumentala.

--------------------

Josu Garitaonandia

(Equo Bergara)

Bergara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.