"Isurketak Deba ibaian"

Erabiltzailearen aurpegia Josu Garitaonandia 2013ko abu. 29a, 02:00

Uztailaren 5ean marroi kolorekoa ikusten zen ibaia; autoritateek burdin oxidoa zela esan zuten...

... baina ez dute erruduna aurkitu oraindik. Uztailaren 15 eta 17 artean, ibaian, bazter batzuetan kolore gris-berdexka igar zitekeen, eta horrek garai bateko oroitzapenak ekarri zizkidan burura: astero kolore desberdineko ibaia ikustera ohituta geunden eta denok genekien ze fabrikak zer egin zuen aste hartan; gaur egun, berriz, autoritateak muestrak hartzen dabiltza eta ez dakigu zer gertatzen den. Ganora falta honen adibide negargarriena orain dela 2 urte gertatu zen: lehenengo, ahateak azaldu ziren hilda; eta gero, arrainak. Hondamendi ekologiko honen aurrean ez dute errudunik aurkitu, entzun dudan arrazoi bakarra da: "Lehorteagatik ur gutxi zetorren eta...". Arrazoi honek ni ez nau konbentzitu, eta, nire ustetan, errudunak hauexek izan ziren: 

-Alde batetik, Estatuko Administrazioa, Epeleko depuradora ia hiru urte beranduago bukatzearren, ez baitzuten dirurik euren konpromisoak esandako epean bukatzeko, baina beste obra erraldoi batzuentzako dirua bazegoen: AHT, eta abar.

-Bestetik, Eusko Jaurlaritza, baimena eman zuelako kolektorean batutako Arrasatetik gorako herrien ur zikinak Epelen isurtzeko,  jakinaren gainean egonda depuradora ez zegoela martxan eta ibaiarentzako ez dela berdina ordura arteko ohiko puntuetan ur zikina isurtzea edota denak kontzentratuta Epelen isurtzea. Toki hartatik Bergara aldera 2010eko udan kirats galanta zegoen, eta 2011ko udan, kiratsaz gain, hondamendi ekologikoa gertatu zen.

Beste autoritate batzuek maila txikiagoan ere euren erantzukizuna dute hondamendi ekologikoan; bi udatan zehar kexa asko jaso zituzten herritarrengandik, jasan ezineko kiratsa zela eta. Ez zituzten behar bezala atenditu kexa haiek, baina etorkizuneko hondamendiak gutxitzeko asmoa badute, interes handiagoa ipini beharko lukete. Adibide bezala ipiniko dut Bergarako Udalean  2012ko urtarrilean aurkeztu nuen idatzi bat, ekarpenak eginez horrelako hondamendirik berriro gerta ez dadin; oraindik ez dut erantzunik jaso Udalaren aldetik.

Ez da ahaztu behar ibaia denona dela, ibai osasuntsua edukitzeak gizartearen osasunean duela eragina eta denon ardura dela zaintzea; beraz, kolore arraroa duela edota animaliak hilda daudela ikusten baduzue, deitu 112 zenbakira, larrialdietara; gai hauetarako duten protokoloa martxan jarriko dute. Asko dute hobetzeko, baina, oraingoz, daukagun aukera onena da.

--------------------

Josu Garitaonandia 

(Equo Bergara)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak