"Kritika administrazioei, Deba ibaian gertatutakoagatik"

Erabiltzailearen aurpegia

1-Bigarren aldiz ibaia hiltzen laga dutelako.

2-Etsenplu txarra eman dute: Epelen ur fekalak isurtzeagatik, depuratu gabe. Alde batetik, lantegiei presioa egiten ibili dira urtetan isurketak behar bezala egiteko, eta orain, beraiek lasai asko isurtzen dituzte depuratu gabeko urak ia bi urtetan.

3-Lehenengo ahateak hil zirenetik bi hilabete beteko dira eta oraindik ez dakigu ze neurri hartu behar dituzten berriz horrelakorik ez gertatzeko, ibaia hirugarren aldiz ez hiltzeko.

Argumentuak:

Ibaian gora, Arrasate aldera itxura bikaina dauka; Epelen isurtzen diren ur fekalen ondoren, berriz, ibaia hilik dago, kirats galantarekin; Soraluzen (Plaentzian), berriz, arrainak daude. Nire ondorioa da Epeleko isurketa horrek ibaiaren hilketan zerikusia duela.

Epeleko depuradorak 2010eko abuztuan hasi behar zuen martxan; inguruan zegoen kiratsagatik kexa asko egon ziren eta baten batek hartuko zuen erabakia obra hori atzeratzeko, beste batzuen mesederako; zerbait esan beharko du gai honetaz.

Inguruko lantegien isurketen kontrola administrazioak darama, administrazioak du ahalmena lantegien isurketen arketara joateko eta muestrak hartzeko: ibaiaren hilketaren ondorioz administrazioak pauso hau ez badu egin, berriz ere interes txikia azalduko luke ingurumenarekiko; muestreoa egin badu... oraingoz, lantegi "errudunik" ez dute salatu. Beraz, nire hipotesia konfirmatuko luke: Epeleko ur fekalak izan direla errudunak ibaiaren hilketan.

Administrazioren batek baimenduko zuen Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate eta Aramaioko urak batzen dituen kolektorea martxan ipintzea eta Epelen isurtzea. Erabaki hori txarto dago, depuradora martxan jarri baino lehenago debekatuta egon beharko luke horrenbeste herritako ur fekalak kontzentratuta puntu baten izurtzeak, ibaiak erregeneratzeko duen gaitasuna murrizten duelako.

Hau da, lehen bezala isurtzen jarraitu izan balitz ibaiaren puntu desberdinetan, "probabilitate" gehiago egongo zen ibaian zegoen faunari kalte gutxiago egiteko.

Administrazioek bazeukaten nahiko diru Epeleko depuradora bukatzeko, baina beste preferentzia batzuk dauzkate: AHT, autobideak, goi tentsioko kableak, gasaren Y... Proiektu erraldoi horiek Bergarakoei bereziki tokatu zaie sufritzea, baina, dirudienez, administrazioen ustez, bergararren sufrimendu hori ez da nahikoa izan eta 2010eko uda ezkero kirats galanta usaindu behar izan dute bergarar askok, ibai ondoan bizi direnek, eta orain, ibaiaren faunaren hilketarekin, Bergarakoak gehiago izorratzerik ez dago.

Hau guztia zergatik? Administrazioko arduradun batzuek Epeleko depuradoraren proiektua atzeratu egin dutelako edota kolektorea martxan ipintzeko baimenak azkarregi eman dituztelako...

Baina diru faltaren kontu honetan... erabili duten diru berdina zergatik ez dute beste era logiko batean erabili? Hau da, niri logikoagoa iruditzen zait Epeleko depuradora martxan ipintzea lehenago Mekolaldekoa baino. Ibaian behera dagoen depuradora martxan ipini eta ibaian gorago ur zikin guztiak isurtzen ibili, negozio ederra egiten dugu!

Administrazioak eman du nire kezka honen erantzuna. Mekolaldeko depuradora eraikitzea Eusko Jaurlaritzaren ardura zen, normalean ohi den moduan, baina Epeleko depuradoraren obren arduraduna Confederacion Hidrografica del Cantabrico da; bestela esanda, Espainiako Estatuaren ardura da. Bere garaian, Epeleko depuradora "interes orokorrekoa" omen zen, oso garrantzitsua, eta Eusko Jaurlaritzak enkajatu egin zion Espainiako Estatuari beraien arteko negoziazioetan Epeleko depuradora eraikitzearen ardura.

Bueno, zerbait jakin dugu, errudun bat nor den... baina nik administrazioenganako kritika mantentzen dut. Prestige petrolio-ontziaren hondamendiaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak bultzatuta bidali zituen itsasontziak txapapotea kentzera itsasoan barrena.

Gai honen ardura Espainiako Estatuarena zen, baina Eusko Jaurlaritzak oso ondo jokatu zuen, kostaldean kalte handiagoak saihesteko asmotan; txalotzeko ekimena.

Epeleko depuradoraren kasuan, berriz, faltan sumatu dut ekologiarekiko interes hori; administrazioek, eta denak aipatzen ditut, Diputazioak, Mankomunitateak, udalek... denek egin zezaketen zerbait gehiago ibaiaren hilketa saihesteko, dirua aurreratu obra sasoian bukatzeko edota ur fekalen isurketa gelditu kamioi zisternatan hartuta eta beste depuradora batera eramanez.

Ur fekalen arazoa dela eta, berri hona daukagu: hiru hilabete barru Epeleko depuradora %100eko errendimenduan egongo da; beraz, suposatzen dut ur fekalen arazorik ez dela egongo etorkizunean, baina administrazioak emandako "ur gutxi" egotearen arazoa eman daiteke etorkizunean. Horrentzako ze plan daukate administrazioek? Nik ondorengo proposamena egiten diet: Urretxuko depuradoraren esperientzia ikusita, Legazpitik Urretxurako tartean uda aldean ur gutxi egoten da ibaian; beraz, instalazioa daukate Urretxun depuratutako urak jasotzeko Legazpi aldera, ibaian urik falta ez dadin. Hori ikusita, begi-bistakoa da Epelen depuratutako urak (espero dut datorren urtean martxan egotea) Eskoriatza aldera altxatzeko instalazioa egin beharko litzatekeela...

Edota ibaiaren hirugarren hilketara arte itxaron behar dugu hau martxan jartzeko?

Administrazioen gestio txar horiek kontuan hartuz, ez litzaidake harrituko beste lantegi batzuek aprobetxatzea aukera isurketa kutsagarriak egiteko, baina hau suposizio hutsa da. Nik dakidana da Mekolalde aldean bizi direnak urriaren 2an, igandean, esnatu zirela aspaldiko usain berezi batekin, ehungintza-lantegien garaietan botatzen zuten usaina; baina orain ez dago ehungintza-lantegirik Bergaran! Mamuak izango ziren?

Misterio hori argitzeko, Bergarako Asier Altuna Kixi zinemagileari eskatuko nioke film bat egin dezan! Aupa Etxebeste-ren bigarren zatiren bat Bergaran hutsik gelditutako lantegiren batean, baten bat gelditu delakoan nago; beharbada, filma administrazioaren erreakzioa baino lehenago etorriko da, martxa honetan.

-----------------------------

Josu Garitaonandia
Bergara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.