"Herria informatua egotearen PSEren beldurra eta Eskoriatza Garbiaren boikot kanpaina"

Erabiltzailearen aurpegia

Pasa den martxoaren 22an Tiana herri katalaneko PSCko zinegotzi den Hector Gonzalez etortzekoa zen...

... Eskoriatzara atez atekoaren inguruan hitz egitera, Tianako herrian izan zuten esperientzia kontatzera eta sistemak eman dituen datu onak harrotasunez erakustera.

Egun pare bat lehenago, baina, hitzaldia bertan behera gelditu zen. PSEren presioen ondorioz, PSCk Hector Gonzalez zinegotziari ukatu egin baitzion Eskoriatzara etortzeko baimena. Beste behin agerian utziz eztabaida aske eta zentzudun bat izateari eta herria ongi informatua egoteari dioten beldurra.

PSEren jokabide honegatik, eskoriatzarrok ezin izango dugu Catalunyako atez atekoaren esperientzia ezagutu. Horregatik, Eskoriatzako Sortutik gogor salatzen dugu PSEren jarrera zentsuratzaile hau.

Bestalde, Eskoriatza Garbia plataformaren jarrera ere salatzen dugu. Azkeneko egunetan, egin behar zen hitzaldira ez joateko mezuak zabaldu baitira eskoriatzarren mugikorretan, jendea informatzearen askatasunaren aurka eginaz. Zergatik jarrera hau? Eskoriatzarrak informatuta egotearen beldur dira hauek ere? Atez atekoaren esperientziak ezagutzearen beldur?

Eskoriatzako Udalak etxeetara bidali duen atez atekoaren inguruko inkesta ere boikoteatzeko mezuak barra-barra dabiltza Eskoriatzan, plataformak sinatuta. Hau da Eskoriatza Garbia plataformak herrian parte hartzeko duen modua? Lotsagarria.

Guk gure aukerarekin aurrera jarraituko dugu eta Eskoriatzako herritarrak ongi informatuta izateko ekimenak egingo ditugu. Eskoriatzan, Gipuzkoa guztian bezala, gehiago birziklatu nahi baitugu. Eskoriatzan, errauskailurik? Ez, eskerrik asko! Birziklatzeari bai!

--------------------

Joseba Gabilondo Markes

(Eskoriatzako Sorturen izenean)

Eskoriatza

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.