Josu Aiastui: "Adierazpen askatasuna"

Erabiltzailearen aurpegia Josu Aiastui 2011ko mai. 26a, 15:51

Oñatiko herriari: Salamancan Oñatiko gazte bati 4.000 euroko isuna jarri zioten...

... Errealaren partidu batean euskal presoen aldeko bandera bat erakusteagatik. Isun horri aurre egin nahian bazkari eta kontzertu bat antolatzea bururatu zitzaigun Oñatiko hainbat gazteri, eta noski, ez dugu zalantzarik Gaztelekua dela era honetako ekimen bat aurrera ateratzeko tokirik egokiena, azpiegitura guztiak dituelako (eszenatokia, sarrera, barra, musika ekipoa, aterpea eguraldi txarra eginda ere…). Azken finean, dirua ateratzea denez helburua, diru eta lan asko aurreztuko lirateke Gaztelekuan eginez gero.

Baina, noski, Udal honen arautegiaren arabera, Gaztelekuan ezin da alkoholik saldu, eta edariak sartu ahal diren ekimenetan, adin txikikoei sarrera debekatzen zaie.

Hau ikusita, plazako pilotalekuan egitea besterik ez zaigu gelditzen, horrek dakartzan oztopoekin (eguraldiaren menpe egotea, eszenatokia jarri eta ingurua bailatu beharra, musika ekipo osoa muntatzea, herritarrei sortuko zaizkien ezerosotasunak zarata dela-eta, gastuak gora…).

Gastuak ahal den guztia gutxitu nahian, Gaztelekuko musika ekipo handia eskatu genuen, baina horri ere ezezkoa eman digute (Gaztelekuko barne erabilpenerako soilik dela argudiatuz).

Honen aurrean garbi esan nahi dugu bai Gaztelekua eta bai Gaztelekuko musika ekipoa oñatiar guztionak direla, eta azken hiruzpalau urteetan ekipo horrek izan duen erabilera txikia ikusita (15 aldiz 2008an, 6 aldiz 2009an, 6 aldiz 2010ean, eta momentuz bi aldiz 2011n), egindako inbertsioa diru galera itzela iruditzen zaigula, guztion poltsikotik ordaindutakoa.

Baina ez da hor amaitzen kontua.

Izan ere, ekipo handia ez utzita ere, diru-laguntza eskatu genuen ekipoaren alokairu gastuei aurre egin ahal izateko, eta hori ere ukatu egin digute, norbanako bati laguntzeko ekitaldia izaki.

Bukatzeko, eta Udalaren erantzuna borobilduz, bazkarian 18 urtetik beherakoei alkoholdun edaririk eskainiko ez diegun idatzizko konpromisoa aurkeztea exijitzen zaigu.

Noiz ikusi da halakorik?

Zer insinuatu nahi da "eskaini" hitzarekin?

Azken Herri Eguneko bazkaria zela-eta, nork aurkeztu zuen halako idatzirik?

Ze han bai eskaini zitzaiela alkohola adin txikikoei, Udal Kiroldegian, eta udal agintarien aurrean.

Honen guztiaren aurrean, gure protesta eta kexa adierazi nahi ditugu, eta oñatiarrei Udal honen kultur eta gazteen inguruko politiken inguruan hausnarketa bat eskatu nahi diegu.

-------------------------------

Josu Aiastui, Mikel Madinagoitia, Xabi Elorza eta Haritz Aranburu
(Antolaketa lanean ari diren herritarren izenean)
Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak