"Nora joan nahi duzu?"

Erabiltzailearen aurpegia

Eskoriatzatik Ander Urrondok sinatutako idatziak...

... behartu nau hitz gutxi batzuk esatera. 

Ez baita normala hondakinak nola jaso eta zer egin behar genukeenari buruz iritzia emateagatik iraindu, mespretxatu, kriminalizatu eta, gainera, bide batez guztion aitajaun-amandreak zikindu nahi izatea.

Ze eskubide daukazu zuk pertsonak horrela tratatzeko?

Zuk diozun 35 urteko historia difamatzaile horrekin ez dauka inongo zerikusirik gure gazte honek, jaio gabe zegoelako oraindik, baina mingaina luzea eta lotsagabea edukitzeak horrelako hanka-sartzeak ekartzen ditu eta zu ere harrokeriaren eta ezjakintasunaren zepoan erori zara.

Kontzientziaren zama berriz har ezazu zure bizkar gainean beste inori bota gabe, zeren eta, idatzi dituzunak idatzi eta gero, Lazkao Txiki bertsolari handiaren kontzientziari buruzko bertsoa baitatorkit gogora: Kontzientzia nolakua dan / nahi nuke esaten hasi / ez dakienak ikasitzia / komeni baita lenbizi; zerbait sentitzen dezuten hoek / bazterturikan ez utzi / gaizki eginda sortutzen zaigun / xomorrotxo gaizto hori.

Eztabaidan dagoen gaia alde batera utzi maltzurkeriaz eta batzuk hain gustuko duzuen inpunitate dialektikoa aprobetxatuz zure pozoi guztia bota duzu gaztearen kontra. 

Lazkao Txikik esandakoak –gaizki eginda sortutzen zaigun zomorro gaizto horrek– seguru nago zure barruko errainak mugiaraziko dizkizula, baldin eta kontzientziarik baldin badaukazu, behintzat, zeren idatzi horretan erakusten duzun amorrua ikusita ez baitirudi kontzientziatik sobran zaudenik.

Aintzane Oiarbideren eta Ander Lizarralderen arteko eztabaida bi ikuspuntu ezberdinen arteko azalpena da. Aintzanek errauskailuaren aldeko erabakia defendatzen du eta Anderrek, berriz, errauskailuaren beharrik ez izateko hemen bertan eta munduan martxan dagoen sistema defendatzen du, eta, gainera, inori errespetua galdu gabe.

Azkenik, bukatzeko, ahokada iraingarri horiekin zure asmoa aldeetako bat jokoz kanpo uztea baldin bada, ziur egon zaitez ez duzula lortuko.

--------------------

Jose Antonio Amundarain

Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.