"Erabat txundituta"

Erabiltzailearen aurpegia

Asko izan ginen astelehen goizean gertatutakoarekin erabat txundituta geratu ginenak.

Eloy Velasco epailearen aginduz, Herrira mugimenduko 18 kide atxilotu zituen Guardia Zibilak, besteak beste, ETA goratzea, berau finantzatzea eta erakunde armatuko kide izatea leporatuta. Berriro ere bakearen eta giza eskubideen aldeko lanaren kriminalizazio kasu sinestezin bat ikusi ahal izan genuen Euskal Herrian, horretarako inongo oinarririk ez daukan akusazio bat erabiliz. 

Presoekiko elkartasun ekimenen aurkako kriminalizazio kanpainak, zoritxarrez, ez dira atzoko kontua gure herrian. Asko izan dira azken urteetan presoen aldeko ekimen desberdinak antolatu edo horietan parte hartzeagatik Madrilera eraman dituzten euskal herritarrak, tankera horretako ekimenekin amaitu eta beldurra zabaltzeko helburu garbiarekin.

Asteleheneko operazioak, ordea, badauka azpimarratu beharreko mezu beldurgarri bat. Operazioa justifikatzeko erabili zuten diskurtsoan Herrira Gestoras Pro Amnistia eta Askatasunaren jarraipena dela esan zuten. Hau da, helburu jakin batzuk jarraitzen dituzten mugimenduen aurkako kriminalizazio eta jazarpen sistematiko baten aurrean aurkitzen gara. Hau da, mugimenduaren jarduna edo izaerari erreparatu baino gehiago, beronen proiektua eta helburuak dira jomugan jartzen direnak. Garrantzi gutxi eman diote Herriraren izaera zabal eta herrikoiari. Diskurtso horrek amaierarik gabeko gurpil bat jartzen du martxan, egun batetik bestera edozein mugimendu apurtzeko aukera emanez. Eta horrek normalizazio politikoa ezinezko bihurtzen du, gizarteko sektore bati etengabe eskubide zibil eta politikoak ukatzea ahalbidetzen duelako.

Herri hau berriro ere espainiar estatuaren oldarraldi baten biktima izan da, eta oraingoan 18 izan dira Madrilen amaitu duten euskaldunak. Iritsi da tankera honetako operazioen aurrean gure aurkakotasuna adierazteko ordua. Bloke herritar indartsu bat eraiki behar dugu bakera bidean aurrerapausoak egiten jarraitu ahal izateko eta behin betikoz normalizazio politikoa lortzeko. 

Adi mobilizazioei!

--------------------

Igor Tome

(Oñatiko Sorturen Kontseiluaren izenean)

Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.