"Errauskailua eta osasuna"

Erabiltzailearen aurpegia Iulen Romaratezabala 2012ko mar. 21a, 01:00

Martxoaren 12rako Oñatin ikas-tailer bat antolatu zuen Oñati Zero Zabor taldeak...

... Errauskailua eta osasuna gaiaren inguruan.

Debagoiena Zero Zabor taldekook bertan atera genituen ondorioak laburtu nahi ditugu. 

Atera genuen lehendabiziko ondorioa izan zen ez dagoela errauskailu "seguruez" hitz egiteko arrazoirik. Izan ere, alde batetik, errauskailuetako tximiniak urtean bi aldiz (6-8 orduan) bakarrik neurtu behar dira, legearen arabera. Orduan, hau da gure galdera: urteko beste egun guztietan zer irteten da errauskailuaren tximiniatik? Gainera, egiten diren bi neurketa horiek "antelazioz" abisatuta egiten dira. Horri gehitu behar zaio errauskailu "modernoetan" kasu asko ezagutzen direla legeak ezartzen duen mugetatik oso gorako isurketak izan dituztenak. 

Madrilgo Valdemingomezko errauskailu "modernoan", adibidez, legeak onartutakoa baino 15 aldiz dioxina eta furano gehiago aurkitu zituzten. 

Beraz, errauskailu modernoak seguruak direla esateko arrazoirik ez dago. 

Hala ere, argi izan behar dugu %100 seguruak balira ere, arazoa lekualdatzea besterik ez genukeela lortuko. Izan ere, materia ez da ez sortzen ez desagertzen, baizik eta transformatu. Eta lege bera errauskailuei aplikatuz: errauskailuetatik airera (filtroei esker) isurtzen ez diren dioxinak ez dira desagertzen, baizik eta lekualdatu. Ba, errauts toxikoetan (erretako zaborraren %5-8) eta eskoriatan (erretako zaborraren %20-25). 

Dioxinak gizakiak inoiz sortu dituen produktu toxikorik arriskutsuenentzat daude hartuak. Substantzia hauek gaitz desberdinen sortzaileak dira: minbiziak, leuzemiak, malformazioak, alterazio neurologikoak, hepatikoak… 

Dioxinak eragotzi beharraz eta hauen arriskuez mintzatu izan dira ONU, Europako Batzordea, OMS… 

Errauskailuek metal astunak (kadmioa, beruna, merkurioa, kromoa, kobrea) isurtzen dituzte, eta mikropartikulak ere bai; eta beste hainbat eta hainbat substantzia ere bai. 

Hala ere, zergatik ibili behar dugu errauskailurik nahi ez dugunok horrenbeste datu, froga eta azterketa erakusten eta berrerakusten? Zero Zabor taldekook garbi dugu ez garela gu izan behar ingurumenean eta gure osasunean errauskailuak eragiten dituen kalteak frogatzen ibili behar dugunak; baizik eta eurek, errauskailuaren defendatzaileek izan behar dutela ingurumenean eta gure osasunean kalterik eragiten ez duela frogatu behar dutenak. Inongo oinarririk gabe errauskailuaren segurtasunaz segurtasunez hitz egiterakoan suarekin jolasean baitabiltza errauskailuaren aldekoak.

---------------------------------

Iulen Romaratezabala

(Debagoiena Zero Zabor)

Debagoiena

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak