"Desobedientzia zibila(k)"

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Redondo 2013ko abe. 7a, 01:00

Lege injustuen aurka eta auzo/herri/mundu hobe baten alde egiteko tresna baketsua...

... eta sarri eraginkorra izan ohi da desobedientzia zibila. Pertsona eta kolektibo askok erabili izan du eta gogorki jazarriak izan dira, baina garaipen handiak ere lortu izan dituzte: Ameriketako Estatu Batuetako beltzek, Martin Luther King buru, desobedientzia zibilaren bitartez arrazakeria gainditzeko garaipen garrantzitsuak lortu zituzten; Indian Mohandas Ghandi buru zuen desobedientzia zibileko mugimenduak Erresuma Batuarekiko independentzia lortu zuen; nuklearren aurkako mugimenduak, tartean desobedientzia zibileko ekimen ugari eginez, Euskal Herrian zentral nuklearrik ez egotea lortu zuen; Euskal Herrian derrigorrezko soldadutzaren eta militarismoaren aurkako mugimenduak desobedientzia eta intsumisioaren bidez Espainiako ejerzito inperialista eta genozidan ez parte hartzea lortu zuen… Arrazakeria, kolonialismoa, zentral nuklearrak, militarismoa, etab. garaitzea lortu da mobilizazioa eta desobedientzia zibilaren bitartez. Herri edo mundu hobea, justuagoa, solidarioagoa, ekologikoagoa lortzea da desobedientzia zibilaren helburua. 

Bergaran, aldiz, "desobedientzialari berrien" helburua zein da? Mundu hobea? Justuagoa? Ekologikoagoa? Arrazismoa gainditzea? Zakar poltsak ikusi ditugu zintzilikarioetan. Horietako ugari nahastutako hondakinekin, birziklatuko ez diren hondakinekin beteak. Gainera, mugimenduaren bultzatzaileek errauskailuaren aldeko jarrera hartu dute: osasunaren aurkakoa, ekologiaren aurkakoa, ekonomikoki garestia… En fin, beti bezala jarraitu, kontsumitu, ez birziklatu eta errauskailuan erre. Kapitalari, enpresa handiei, banketxeei, alderdi ustelei sumisioa eta birziklatzeko balio duen sistemari intsumisioa. Hamaika ikusteko jaioak. Desobedientziara berandu, oso berandu eta gaizki, oso gaizki iritsi dira batzuk.

Baditugu arrazoiak, bai, mobilizatzeko eta desobedientziarako. Bergarak baditu bestelako lehentasunak denbora galtzen ibiltzeko. Horiekin gelditzen gara gu: enpleguaren defentsan ari diren langileekin; pentsio duinen alde ari direnekin; elikagai bankua hornitzeko ari direnekin; presoen eskubideen aldekoekin; kalitatezkoa eta bertakoa den hezkuntza sistemaren aldekoekin; gizon-emakumeen aukera berdintasunaren aldekoekin; AHTren aurkakoekin; etxegabetzeen aurka ari direnekin; euskararen aldekoekin; bertako merkataritzaren aldekoekin… Zuekin gaude, Bergara hobe bat egiteko. Elkarrekin. Aldarrikapen txatxuak baztertu eta benetakoei heltzeko.

Hala, igandean Durangon elkar ikusiko dugu, mozorrotuta eta kulturaz gozatzen, auzipetuekin batera epaiketa politikoen aurka egingo den desobedientzia ekimen masiboan.

--------------------

Ibai Redondo

(Bergarako Sortuko koordinatzailea)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak