"Gipuzkoa itotzen dutenak"

Erabiltzailearen aurpegia

Jaurlaritzaren arabera Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoarrak itotzen omen ditu...

... zergatik eta peajeei 25 euroko muga jartzearren, hamaika entzuteko jaioak! Erkoreka jauna, murrizketak, pribatizazioak eta dirua makro-proiektuetan xahutzea dira gipuzkoarrak itotzen dituena!

Osasun zerbitzuak gero eta kaxkarragoak dira eta botikak bi aldiz ordaintzen ari gara; hezkuntzan kalitatea apaltzen doa, gero eta irakasle gutxiago daude, gelak masifikatzeko bidean; Unibertsitatea martxa honetan aberatsentzako soilik izango da; etxebizitza duina bermatzeko ez omen dago dirurik, bankuak diru publikoarekin erreskatatu eta erreskatatuek familia osoak kale gorrira bidaltzen dituzte (EAJ nagusi den Kutxabank da kaleratzeetan errege EAEn)…

Ez omen dago dirurik oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzeko. Gezurra, dirua soberan dago! Non daude gure diruak? Nork ditu eta zertan xahutzen ditu? Eskubide sozialak murrizten ari diren bitartean makro-proiektuetan urtero ehunka milioi euro xahutzen dituzte, honetarako txeke zuria egon da eta dago: Gipuzkoako Autopistetan 900 milioi euroko zuloa egin eta 300 milioiko gain kostua izan dute PNVko gestore bikainek; AHTrako 9.000 milioi euro, nahiz eta Europarekiko loturarik ez duen izango, luxuzko eskalextri bat egiten ari dira; oraindik Jaizkibelgo Superportua eta Zubietako Errauskailua (488 milioi euro) egitea nahi dute; etab. Zergatik egiten dira banketxe eta eraikuntza enpresa handien neurrirako proiektu eta politikak? Beraiek direlako boterea dutenak eta orain arte agintean egon diren alderdiak beraien zerbitzura lan egiten dutelako, eta ez herritarren zerbitzura. Non bukatzen dute PP, PSOE eta PNVko buruetako askok? Euskaltelen, Petronorren, Confebasken, Adegin, Bidegin, Kutxabanken, Santanderren, FCCn, Endesan… Makro proiektu hauetarako ehunka milioi euroko kontratuak itxi eta diru publikoarekin banketeak antolatzen zituztela ikusi berri dugu Gipuzkoan. Gure diruak xahutu eta aurpegira barre egiten diguzue. Aski da!

Badaude alternatibak, hauetako asko herritarron esku daude. Makroproiektuetako dirua oinarrizko zerbitzu publikoetan, kalitatezko enpleguaren sorkuntzan, garraio publikoa hobetzen eta babes sozialean erabiltzea dira alternatibaren adibide. Hori guztia eta gehiago ari da egiten Gipuzkoako Foru Aldundia, dirua pertsonen ongizatean inbertitzen, fiskalitate justuago eta progresiboagoarekin errenta altuenen diruak baxuenen zerbitzura jarriz, berdintasun politikak aplikatuz eta Madrilgo inposaketei aurre eginez (menpekotasun legearen murrizketei aurre eginez, RGI oinarrizko errentak bermatuz, Langileen lan baldintzak zainduz…). Honek guztiak bere onetik ateratzen ditu egoera dagoen bezala mantendu nahi duten alderdiak, enpresari handiak eta hauen zerbitzura lan egiten duten komunikabideak, horregatik erasotzen dute alternatibak planteatzen dituen instituzioa. Ez gaitezen despistatu, boteretsuek beraien txolloa mantentzeko beraien esku dagoen guztia egiten jarraituko dute. Jarrai dezagun burujabetzaren bidea urratzen (politiko eta ekonomikoa), hori baita gakoa eraldaketa soziala bultzatzeko, instituziotatik, baina batez ere kaletik, ikastetxeetatik, lantokietatik.

--------------------

Ibai Redondo

(Debagoieneko Sorturen koordinatzailea)

Debagoiena

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.