"Kontatu bergararrekin"

Erabiltzailearen aurpegia

Kolosala izan da. Izugarria. Apartekoa. Historikoa. Hunkigarria…

Hitz asko erabili litezke pasa den larunbateko manifestazioaren nolakotasuna esateko. Aldiz, hitz gutxi dira sentitu genuen guztia adierazteko.

Arratsaldeko lauretan Bergarako autobus estazioan ikus zitekeenak arratsaldeko ekimenaren tamaina nolakoa behar zuen pentsatzera ginderaman; hamar autobus, errenkadan estazioan. Urduritasunaren harriduraz. Bilbora, kotxeetan ere jende asko joan zela esanez. Han ikusten genuena ezin sinetsiz.

Bilbora iritsi ahala, begiekin ikusten genuena sinesten hasi ginen. Bilbo handia txiki gelditu zela. Bergaran eta Euskal Herriko beste hainbat herritan hasitako bideek Bilbon bat egin zutela.

Bidea, espetxean edo deserrian dituzten etxekoen begien hezetasun distiratsuek argitzen zutela zabaldu zen. Milaka pausoren elkartasunak ematen zien babesaren emozioari ezin eutsirik. Larunbat hartan, bisita gabe gelditu zen anai-arreba, seme-alaba, aita-ama edo senidearen aldarrikapena eskuan hartuta. Bidearen helmugara iritsi nahian.

Bilboko helmugara iritsi baginen ere, bidearen lehenengo urratsean gaude. Haatik, lehen urrats sendo hau ematen lagundu diguzuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu: hamar autobus haiek bete zenituztenei, bai eta kotxeetan joan zinetenoi. Autobus zerrendak zabaldu zenituzten tabernari eta dendarioi, kirol elkarte ezberdinetako kideoi, sindikatuei, herriko gazteei, Udalari… guztiei. Abenduan senide eta lagunen ondoan abestu eta ekimenetan parte hartu duzuenoi. Zuen lana, konpromisoa eta laguntza gabe ezingo baikenituen Bilboko kaleak bete.

Orain, hasi berri dugun bide honetan, aurrera jarraitu behar dugu; Kanto bergararra espetxean bahituta mantentzen duen Parot doktrina-ren aurka. Zigorren 3/4ak eta 2/3ak beteta dituzten presoen kaleratzearen alde. Larriki gaixo diren presoak etxeratzearen alde. Euskal preso eta iheslari politikoei dagozkien eskubideen alde. Finean, Euskal Herriratzea eta amnistiaren alde. Azken helmugaraino. Elkarrekin, urrats sendoak emanez. Elefanteak lez.

Mugitzen bagara, mugituko da.

------------------------------

Iñigo Arregi
(Presoak Libre herri bilguneko kidea)
Bergara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.