Gerrako umeak

Erabiltzailearen aurpegia

Apirilaren 24an, Debagoieneko gerrako umeak omendu genituen. Egun berean, 84 urte bete ziren frankistak Elgetan sartu zirela, zazpi hilabeteko erresistentziaren ondoren. Izan ere, apirilaren 23an Elorrion sartzea lortu zuten, eta, Intxortako frontea hausterik lortu ez bazuten ere, atzetik eraso egiten zietela ikusita erretiratu beharrean izan ziren gudariak.

1937ko apirilaren 24a eta 25a Elgetako historiaren liburuko orri beltzenetakoak izan ziren. Ugari izan ziren bortxaketak, lapurretak eta erailketak. Oraindik epaitu gabe dauden gizateriaren kontrako krimenak. Hurrengo 40 urteetan, gainera, diktadura, zapalkuntza, isiltasuna eta ahanztura izan ziren nagusi. Diktadorearen heriotzak ere ez zuen justiziarik ekarri.

Gerratik eta frankismoaren basakeriatik alde egin nahian Elgeta utzi zutenak asko izan ziren. Familiartekoen etxeetara, fronteko lerrotik urrun, baita atzerrira ere. Historia pertsonal horietan guztietan haurrek bizi izandakoak ekarri nahi izan genituen gogora. Gehiago izan daitezkeen arren, bi dira Intxorta kultur elkarteak identifikatu dituen Elgetako gerrako haurrak: Jose Luis Arantzeta eta Pilar Gorrotxategi.

Apirilaren 24a. 96 urte beteko zituen omendu genuen egunean bertan Jose Luis Arantzeta Arregik. Omenaldi xume baina hunkigarria egin zion bere herriak. Lastima, lehenago egin ez izana.

Azkenaldian bolo-bolo ibili da mena –lagundu gabeko atzerriko haur– hitza. Espainian hauteskunde kanpainako kartel bilakatu dute batzuek, Euskal Herrian mena izandako batek bere buruaz beste egin duela esan dute beste batzuek.

Ez al ziren bada gure aiton-amonak ere mena izan? Ez al zioten gerratik eta txirotasunetik ihesi beste herrialde batzuetan beraien bizitzari berrekin behar izan?

Balio beza Elgetako 1936 eta 1937ko gudako haurrei egin genien omenaldiak gaur egungo erbesteratutako haurrei ere aitortza egiteko.

----------

Iraitz Lazkano

Elgetako alkatea

Elgeta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.