Alderdien harremanetik haziz

Erabiltzailearen aurpegia

Alderdikeriaren mozkorrak utzitako biharamuna atzean utzi nahi, eta oinez abiatu naiz basoan barrena. Aire garbia arnastuta eta barneko har batek bultzatuta, Aramaiora joan naiz. Baso ilunetik irtetean, ez dut nire Udalaitzik ikusi. "Hor nonbait beharko luke, ba!". Aramaioar jator batekin topo egin eta galdetu diot. Eta berak: "Udalatx? Parez pareko horixe". "Udalaitz?", nik. "Bai, Udalatx", berak.

Urtu naiz jakitearen beroarekin. Kontatu diot zerk nenkarren, eta… bera izan apustua eutsi zidana! Orduan gainetik ipini zait: "Ikusten, nik zeukeat arrazoi! hiru tontorreko haitz puska zabala duk Udalatx!". Bere alde jatorra kikildu du bere alde autoritarioak; barne mekanismoren batek izoztu egin du lehen ur zena.

Ni urtzea ekarri duen fenomenoa daukat gogoan: ikuspuntua. Enpatia. Bere begiekin ikustea. B-egia. Bere egia onartu diot, eta apustuan jokatua eman ere. Ohartu naiz nola bat-batean, barne mekanismoak alde autoritarioa ezkutatu dion eta alde harroa –ez harroputza– aurpegira ekarri. Egoera probestuz, Oñatirako gonbita luzatu diot.

Udanako begiralekura joan gara uztaileko iluntze argian. Ahozabalik daukat laguna. Hitzik egin gabe, sorbaldatik heldu diot, aurrean daukagunari so: Udalaitz eta Anboto, zeru gorria atzean dutela, zein baino zein edarrago. Izakiak eraikitako Gizako piramideak balira bezala, non, eta gure lurretan, izadiak berak jasoak. "Hemen arnastu ote zuten haiek?", otu zait.

Oñatiarron begi-puntuak erakusten digun Udalaitzen aurpegiari so. Lagun aramaioarra ere, barne mekanismo baten eraginez, urtu da, eta gerri gainetik heldu nau. Bat egin dugu. Ikuspuntu desberdinek egia bat beraren alderdi bi erakusten zizkigutela ohartu berri da bera ere. Jokatutakoa bueltatu dit. Parra geratu gara, baina ez geunden lekuan.

Biok geunden tokitik mugitzeak inork ez genuen ikuspuntu osotuago bat eman digu, bioi. Ohartu gara gauzak ez direla norberak ikusten dituen bezalakoak soilik; bat eginik osoago ikusten ditugula.

Ikusiz ikasi dugu ur sentitze honen hazia gerturatzean eman dela, harremanean, hartu eta ematean. Hartu-emanak elikatzen gaituela, hazi. Harremanaren hazitik hazten baikara.

----------

Iñaki Idigoras Igartua

Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.