Maltzagarainokoaren astelehena

Erabiltzailearen aurpegia

Agurne, Maltzagaraino, domekan iritzia partekatu zenuen gurekin Goienan, ekainean. Datorren belaunaldiko euskaltzaleondako baliagarri izan daitekeen metafora berri baten beharraz ohartarazi gintuzun. Metaforazalea izan, eta zer pentsatua eman dit. Zaharkituta omen dagoen metafora horren inguruan aritu nahi dut lehenik

Telesforok Maltzagara elkarrekin desio zuen. Euskal politikagintzaren bi korronte nagusiez ari zen: EAJ eta ezker abertzaleaz. Maltzagarekin independentzia irudikatzen zuen; behin estatu propioa izanik, batak eskuinera, Elgoibar aldera, eta besteak ezkerrera, Eibar aldera egiteko, nor bere ildo politikoari jarraituz. Abiapunturik ez zuen zehaztu metaforan, baina bera, zu bezala, bergararra izanik, pentsatzen dut Bergaran irudikatuko zuela.

Ez zen poeta bat lez metaforan gelditu, baina. Eragile nekaezin ere izan zen, bando batean zein bestean zituen lagun eta eragile politikoak batu eta adostasuna lortu aldera, Gotzonek Berria-ko Lekutan zegoen Maltzaga artikuluan jaso bezala. Ekarpen handia egin zigun Telesforok.

Berrogei bat urte pasa dira ordutik. Biharamun edo astelehena bizi dugula?

Loaldi luzetxoa egin dugu, beharbada. Luzaz lo dagoena, hila baita. Memorian bizi da. Bi belaunaldiren ostean lur jotzea ohiko samarra zaigu. Aiton-amonek sortutako proiektuak bilobek akabatzea ikusi dugu: baserri eta enpresak, adibidez. Gure bailara kooperatibistan ere bai. (sic)

Nola, baina, metafora biziberritu? Zer diosku hilaren memoriak?

Iruditzen zait Telesforeren metafora lokalegia dela: nork ezagutzen du Euskal Herrian Maltzaga? Egun betetzen ez den aurrebaldintza bat ere badauka: ezker eta eskuin abiapuntuan, Bergaran, bat eginda. Nahiz eta borondaterik sumatzen den.

Maltzagaren metafora irudikatzen dudanean, zera dakusat: urdina eta gorria, bi marra, Bergaratik Maltzagaraino parez pare, eta ondoren, puntan gezi zorrotz banarekin, elkarrengandik aldenduz, dibergentzian. Bategitea baino gehiago, banaketa irudikatzen dut.

Maltzagan baditugu, baina, probetxuzko bi elementu sinboliko: Y eta O.

Saiatuko gara, horietatik abiatuz, metafora unibertsalago bat borobiltzen. Dagokigun duintasuna berreskuratu aldera, gaurko belaunaldioi erabilgarri izan dakigun gogoz.

----------

Iñaki Idigoras

Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.