Ino Galparsoro: "Ohorea izan da, Arrasate"

Erabiltzailearen aurpegia Ino Galparsoro 2011ko eka. 15a, 17:00

Azken lau urteotan, idatzi honen atzean gauden zazpi pertsonon testu eta mezuak oro har politikaz edo herrigintzaz mintzatu dira...

... Arrasate, Euskal Herria, gatazkak, proiektuak, asmoak, lana…

Bidaia luze baina aldi berean motza izan da; abentura oro lez, emozioz betea, sarritan malkartsua gutxitan erosoa, paisaia eder nahiz idorrak ikusgai, nekea eta ilusioa hurrenez hurren.

Bidelagun eta ez horren lagunak ere alboan izan dira ibilbide guzti honetan zehar, eta lehenengo horiei zuzenduta doa honako eskutitz hau.

Herritarrak izan dira Gobernu Talde honen bidelagun eta konplize nagusi legealdi honetan, proiektuak errealitate bihurtzeko orduan, momentu zailenetan  babes, eta momentu zoriontsuenetan irribarre.

Honegatik guztiagatik, beraien pazientzia, errespetu eta sostenguagatik, mila esker, gaizki egindakoak barkatu, eta ondo egindakoak kontuan hartu.

Baina bereziki lerro hauek, bidelagunetik haratago, bidaia honetan momentu oro, erregai, helduleku, noizean behineko GPS, eta gure buruhauste, ezinegon, atsekabe eta haserreen aurrean, aterpe izan zareten seme-alaba, bikotekide, familia eta lagunei eskaini nahi dizkiegu, mila esker bihotzez.

Aurreko hauen artean bada aipamen berezia merezi duen pertsona bat, Xabier Zubizarreta, Txiron.

Koloretako koadroak maite dituen edukien artista ez margolaria, hitzen sukaldaria, arbigaren militantea, Arrasate eta Euskal Herriaren maitale sutsua, eta aurretik ere nahikoa izan ez badu, azken lau urteotan, beste pasio batzuk alde batera uzteko inolako arazorik gabe, edozein momentutan edozertan laguntzeko prest egon den ezinbesteko laguna.

Txiron, balio dezala honek ere, "puntu eta komarik" gabe eta zutabe bakarrean, gure esker ona zuri adierazteko.

Garai ilusionagarriak bizi ditugu, baina ez da inondik inora erosotasunean erortzeko momentua.

Euskal Herrian apustu garrantzitsuak daude mahai gainean, ez zaigu lanik falta izango.

Azken lau urteetako Ezker Abertzalearen hautetsioi dagokigunez, zoritxarrez baino gehiago, erabaki politikoz amaitu da Arrasateko Udaleko gure ibilbidea.

Beste herritar askori bezala hauteskundeetan aurkezteko ateak itxi zizkiguten, eta hau ere ez da albo batera uzteko kontua.

Edozelan ere, bizitzak bezala Arrasateko Udalak aurrera egingo du, eta gidaritzarik ez zaio falta izango.
Bilduren olatua ere iritsi da gurera, eta hemendik gure animoak bidaltzen dizkiegu Arrasate eta Euskal Herriaren alde lan egiteko hautua egin duten hautetsi berriei.

"Boliek" aurrera jarraituko duen zalantzarik gabe, agurtzen gara, mila esker berriz ere guztioi, eta gogoratu guztion esku dagoela ametsak errealitate bihurtzen jarraitzea.

----------------------------

Izadi Mondragon, Juan Mari Sanpedro,  Yolanda Perez de Arenaza, Arkaitz Biain, Oihana Aranburu, Patxi Arburua eta Ino Galparsoro
Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak